Herri ortuak eta udaletxeko igogailua dira aurtengo inbertsio nagusiak aurrekontuetan

Anboto 2016ko api. 5a, 16:40

Atxondon 2016ko aurrekontuak onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Udaletxean igogailu egiteak —98.000 euro— eta herri ortuak sortzeko lurrak erosi eta azpiegiturak atontzeak —40.000— hartzen du inbertsioetako zatirik handiena.

2016ko udal aurrekontuak Gobernu Taldearen (EHBildu) aldeko botoekin onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. EAJ abstenitu egin zen. Diru sarreren beherakadak baldintzatutako aurrekontuak dira. 1.668.000 eurotan parekatu dituzte sarrera-irteerak, iaz baino %8.48 gutxiago. Oro har, diru sarrera mota denetan iaz baino gutxiago batzea aurreikusten dute (zerga zuzenetan %19 gutxiago, esaterako),  baina, batez ere, Aldundiko Udalkutxatik jasotzen duten kopuruan emango da beherakada nagusia: guztira 904.000 euro jasoko dituzte, iaz baino %8 gutxiago. Kontuan hartu behar da udaleko aurrekontu osoaren erdia baino gehiago Udalkutxako zenbatekoak osatzen duela: “Udalkutxako gorabeherek eragin zuzena dute aurrekontuetan”, azaldu zuen Dabid Cobos alkateak.

Horiek horrela, inbertsioetan “ezingo dugu egin nahi genukeen guztia”. Zatirik handiena udaletxean igogailua egiteko erabiliko dute: 98.086 euro. Eusko Jaurlaritzatik 36.000 euroko diru laguntza jasoko dute. Iazko aurrekontuan ere sartuta zegoen eta ez zen egin diru faltagatik. Baina orduan egindako diru-laguntza eskaeraren erantzuna 2016ko urte hasieran jaso dute. Beraz, 36.000 euroko diru-laguntza hori aprobetxatzeko inbertsioa aurten egin behar dute; bestela diru-laguntza galdu egingo lukete.

Beste 40.000 euro herri ortuetarako lurzati berriak erosteko eta, ondoren, bertan azpiegiturak egokitzeko erabiliko dituzte. Atzo, udalbatzar berean, udal jabetzakoak diren Bentabarri baserria eta inguruko lur batzuk enkante publikoan saltzea onartu zuten eta hortik ateratako dirua ere helburu berera bideratzeko aukera aipatu zuen Cobos alkateak.

30.000 euro herriko argiteria berriztatzeko erabiliko dituzte. 30 eta 40 urte inguru dira herrian argiteria publikoa hedatu zenetik eta, leku askotan, orduko koadro, kable eta farolak daude oraindik. Horregatik, Apata, Arrazola eta Axpeko hainbat tokitan azpiegiturak zaharkituta daude eta arazoak ematen dituzte.

Azkenik, 31.000 euro proiektuak idazteko gorde dituzte eta 16.500 euro aspaldiko urteetan osatu guran dabiltzan Hirigintza Plana amaitzeko.

Zorrak, lau urtean erdira

Diru sarreretatik 150.000 euro inguru zorrak kitatzen jarraitzeko erabiliko ditu udalak. 2013an 900.000 eurotik gorako zorra zuten eta urte honen amaieran 473.000 izatea aurreikusten dute. Beraz, azken lau urteetan erdira jaitsiko dute bankuekin duten zorra.

Atzo, aurrekontuak onartu aurretik iazko likidazioaren berri eman zuten eta 11.000 euroko soberakina dute. Diru horrekin aurten zer egin pentsatu behar dute orain. Oraintsu herri batzarrak egin dituzte herriko beharrizanei buruz informatzeko eta herritarrek lehentasunak markatu dituzte bozketa bidez. Baliteke diru horrekin zerrenda horretako proiekturen bat edo gehiago aurrera eramatea. 

EAJren abstentzioa

EAJko Gorka Garatek abstentziorako arrazoiak eman zituen.Batetik, “igerilekuen kudeaketa osoa lehiaketara atera beharko litzatekeela uste dugu”. Gaur egun taberna esleitzen dute eta igerilekuen mantenua udalaren esku dago. Modu horretara urtero “50.000 euro galtzen dira”, Garateren berbetan.

Era berean, “Atxondo Garatzeneko likidazioa aurrekontuetan ez da sartu eta sartu beharko litzateke”.  Horrez gainera, “herritar askok” esan diete herria zikin dagoela eta espaloietan eta inguruetan “mantenimendu falta dauka”. Inbertsioetan hori konpontzeko diru atal baten beharra ikusten dute. Herri ortuen inguruan, aldiz, dudak ditu: “Ez dakigu benetako eskaririk badagoen edo ez”. Azkenik, igogailuaren inbertsioagaz ados daude: “Ez da lehentasun bat baina bestela diru laguntza galduko genuke”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!