Argiteria publikoaren “arazo larriari” aurre egiteko beste inbertsio bat aurtengo aurrekontuetan

Anboto 2015ko abe. 3a, 15:35

Aurten 60.000 euro inbertitu ditu udalak argiteria publikoa berriztatzeko, baina hala ere  “hainbat bide, auzo eta kaletan farola ugari argi barik daude”, jakinarazi dutenez. Beraz, aurten “gutxienez 20.000-30.000 euroko” diru atala sartuko dute aurrekontuetan berriztatze lanekin jarraitzeko.

Arrazolan, Axpen eta Apatan “arazo larriak” daude argiteria publikoarekin udaletik prentsa ohar batean jakinarazi dutenez: “Azkeneko hilabeteetan hainbat bide, auzo eta kaletan farola ugari argi barik daude”. Arazoa, neurri handi batean, “azpiegituren egoera tamalgarriaren ondorio da”. 30 eta 40 urte inguru dira herrian argiteria publikoa hedatu zenetik eta, leku askotan, orduko koadro, kable eta farolak daude oraindik: “Kable asko haizeak botatzen eta mugitzen dituen adarrek kaltetuta daude, eguzkiak janda, euriak ustelduta, koadro ugarik trumoi eta oineztuen eraginez salto egiten dute eta lurrazpiko hainbat kable arratoiek janda edo ibilgailuen pisuaz moztuta ageri dira”.

Hori guztia ikusita, udalak 60.000 euro bideratu ditu aurtengo aurrekontuan azpiegiturak konpontzeko. Horietatik bi heren (40.000 euro) LED teknologiadun farolak ipintzera bideratu ditu, aurrekoen aldean %60 gutxiago kontsumitzen dutenak eta mantenu gutxiago behar dutenak, 50.000 ordutik gorako iraupena daukatelako. Beste 20.000 euro, berriz, kable eta koadroak berriztatzera bideratu dira.

Hori guztia eginda ere, oraindik “arazo ugari” daude eta 2016 urteko aurrekontuan “gutxienez beste 20.000 edo 30.000 euro bideratu beharko dira barriztatze lanak egitera”.

Argia falta den tokietan herritarrek udalari abisua ematen diete sarritan. Udalak herritarren “pazientzia eskertu” du eta  abisuak “lagungarri” zaizkiela aitortu du “arazoak ematen dituzten tokiak identifikatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!