Mertxe Irazabal: “Ez dut konplexurik gizonekin ehizan edo arrantzan egiteko”

Anboto 2016ko mar. 15a, 09:06

Gutxik jakin dute, Arrazolan, ehiztaria dela. ‘Herri txiki, infernu handi’ telebista saioak agerian utzi du ‘sekretua’. Hala ere, “bape konplexurik” gabe dio Mertxek ehiztaria dela. Asko harritu egiten direla aitortu du; batez ere gizonak.

Emakumea eta ehiztaria. Oraindik ere harritu egiten duen konbinazioa?
Horrelako herri txikietan, bai. Atxondon askok ez dute jakin ehiztaria naizela. 14 urtegaz hasi nintzen aitagaz, plater-tiroan. Goiuriko tiro-eremura ere joaten nintzen. Ehizan zein arrantzan egitea, biak gustatzen zaizkitik, txikitatik.

Aitagaz ibilia zara?
Ez. Ehiztaria izan da beti, baina ez naiz inoiz beragaz ibili. Berez sortutako zaletasuna dut ehiza. Bi ahizpa ditut, eta ez dute zaletasun hau. Gizonak dabiltza hemen ehizan, baina, emakume ehiztaria izateari ez diot garrantzi berezirik eman inoiz.

Gizonen mundua da ehiza?
Bai. Hala ere, ez dut batere konplexurik gizonekin ehizan edo arrantzan egiteko. Atxondon, jaietan plater-tiroan egiten zenean, neu nintzen andra bakarra; ez dit ardura izan. Inoiz ez naute desberdin tratatu; beti, oso ondo. Hala ere, adarra jotzea ohikoa izaten da (barrez).

Adarra jotzen dizute?
Orain arte, ez; senarrari gehiago. Ikusiko dugu orain! Gerrikaitzen ezagutzen naute, ez zaie arraroa egiten. Arrazolan, harrigarria egiten zaie nik ehizan egitea. Gizonei, batez ere. Inork ez dit, baina, ezer txarrik esan.

Senarra ere ehiztaria duzu. Elkarrekin joaten zarete?
Inoiz joan gara, baina ez. Bakoitza bere erara joaten da ehizan. Oilagorretan neu bakarrik joatea gustatzen zait.

Txakurragaz...
Bai, Txula. Senarrak ibiltzen du, baina konfiantza hartu behar du, norberagaz ibili. Senarrak era bat du, nik beste bat, baina txakurrak bere lana egingo du. Lehen, Peti nuen. Hura bai txakurra! Ibilbide guztia egiten zuen nik ezer esan gabe. Itzela!

Ezinbestekoa da txakurra?
Funtsezkoa! Oso harreman berezia sortzen da. Gaztea denean ez, baina, behin ikasita, pieza bat topatzean,  begietara begiratuko dizu, eta begirakuneagaz dena esan.

Plater-tiroan aritu zara.
Bai, hala ere, orain ia ez da egiten. Oso araudi gogorra dago. Arratera edo Oñatira joan behar da. Herri batzuetan, noizean behin, jaietan egiten dute.

Askok ez dute ehiza ulertzen...
Ez dut ulertzen halako eztabaida sortzea. Oilagorretan joatea ohikoa da hemen. Araututa dago; ordu eta egun zehatzak daude. Iluntzean, jatera jaisten direnean, ezin da ehizatu. Baina, batzuk zuzenean joaten dira hara, zain egoten dira, isil-isilean; basora joan gabe, nekatu gabe. Hori ez da ehiza.

Zer da, ba, ehizan egitea?
Goizean goiz jaiki, txakurra hartu, eta ibiltzea. Baita arratsaldean ere. Txakurrak oilagorra topatzean, norbera adi egotea, eta irtetean, zortea izanez gero, harrapatzea. Oilagorra saiatuko da ezkutuan ibiltzen.

Ehiztariak eta pistoleroak bereiztu egin behar dira?
Bai. Ehiztariak bere buelta egingo du, eta zerbait harrapatzen badu, pozik. Bestela, biharamunean joango da, gogo handiagoz. Azkenaldian, badaude usotan joan, eta edozeri tiro egiten diotenak. Tiroak egiteko gogoa badute, doazela plater-tiroan egitera, eta bota han gureine! Benetako ehiztariak, gutxi!

Urrian hasten da ehizadenboraldia?
Oilagorretarako bai. Leonera, Burgosera... doaz asko; Ukrainiara-eta joaten hasi dira, orain. Ez dakit merezi duen oilagor bakoitza 3.000 euro ordaintzea. Hori bat ekarrita. Abuztuan, pospolinetan ibiltzen dira ehiza-barrutietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!