Anbotopeko elkarteko bazkideek Arrazolako eraikina utziko dute

Anboto 2016ko mar. 8a, 09:00

Auzitegi Gorenerako saiakerak huts egin ostean, eraikina uzteko pausoak ematean ari dira

Zortzi urtez, Anbotopeko elkartea eta udala epaitegietan ibili dira, elkartea zegoen Arrazolako eraikinaren erabilera eskubidea zela-eta. 2014an, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak udalari eman zion arrazoia, eta ostean, Auzitegi Gorenak ez zuen onartu tramitera Anbotope elkartekoen errekurtsoa. Bide legal denak agorturta, bazkideen batzarra egin zuten egoera eztabaidatzeko. Egoera onartu dutela, eta eraikina uzteko epaitegiko aginduaren zain daudela adierazi du Jon Elgezabal zuzendaritzako kideak.

Birritan batu dira alkateagaz, eta “luzapen mugatuko kontratua proposatu genion, baina ez zuten onartu”. Edozelan ere, “egun batzuk gehiago behar bagenituen, ez zegoela arazorik esan ziguten”. Elgezabalen berbetan, “orain, eguna datorrenerako prest egon gura dugu, eta, beharbada, muga-egunaren aurretik utziko dugu eraikina. Normalatsunez egin gura dugu”. Aste honetan bertan, elkarteko ondasunen inbentarioa egin dute (mahaiak, edariak… ), eta prezioak jarri dizkiete. Gura duten bazkideei zerrenda bidaliko diete, gura dutenek eskuratu ditzaten.

Elgezabalen esanetan, batzarrean “ez nuen inor haserre ikusi; gehiago zen etsipena”. “Urteak eman ditugu elkarrekin, lagunak egin ditugu, eta pena ematen du”. Beraz, baliteke beste tokiren bat bilatzea.

Udala aukerak aztertzen
Dabid Cobos alkatearen esanetan, ez dute luzapen mugatuko kontratua onartu, “hileetan egitekoa zen kontua zortzi urtez luzatu delako, eta guk eraikin hori berrerabiltzeko proiektua martxan dugulako”.

Eraikin horri erabilera emateko aukera desberdinak lantzen ari dira.  Pare  bat astean, proposamen horiek prest izatea espero dute. Ondoren, Arrazolan, herri batzarra deituko dute, aukerei buruz eztabaidatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!