Anbotope elkartea dagoen eraikina libre uzteko epaia berretsi du Auzitegi Gorenak

Anboto 2016ko urt. 22a, 12:06

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren 2014ko epaiari Anbotope elkartekoek jarritako errekurtsoa ez du tramitera onartu Auzitegi Gorenak.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren 2014ko urtarrileko epaiak Anbotope elkartea dagoen eraikinari dagokion “alokairu kontratuaren epea amaituta” dagoela ebatzi zuen. Ondorioz, “lokala libre uzteko” agintzen zien elkartekoei. Beraz, epaia udalaren eskaeren aldekoa izan zen. Epai hori jakin eta handik hilabetera Anbotope elkartekoek errekurtsoa jarri zuten Auzitegi Gorenean. Auzitegi honek urtarrilaren 13an argitaratuko autoan jasotzen denez, errekurtsoa tramitera ez onartzea erabaki du. Forma eta eduki aldetik bete beharrekoak ez dituela gutxienekoak betetzen dio autoak eta ondorioz ez du aztertuko.

Horregaz batera, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bere sasoian emandako epaia “irmoa” dela deklaratu du. Gainera, ebazpen honen kontra “ez dago errekurtsorik jartzerik”, autoak jasotzen duenez. Beraz, ez dago goragoko organo batera joateko modurik. Estrasburgoko auzitegia giza eskubideen ingurukoa urraketa kasuetarako delako.

Orain Auzitegi Gorenak ebazpena zein espediente osoa Durangoko epaitegira bidaliko ditu. Horixe da jatorrizko epaitegia, han eman zitzaion hasiera kasuari eta berak du epaia betearazteko eskumena.

Hainbat urte dira udala eta Anbotope elkartekoak auzitegian dabiltzana, eskola zaharreko eraikinaren erabilera eskubidea dela-eta. Joan zen urteko irailean, Andra Mari jaietan, hainbat herritarrek eraikin horren erabilera publikoa aldarrikatu zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!