Autoei begirako Apata beharrean, oinezkoak lehenesten dituena gura dute herritarrek

Anboto 2016ko ots. 25a, 13:19
Asteon Atxondoko umeak dabiltza herriko egoera aztertzen (Argazkia: Urak Bide Taldea)

Apatako espazio publikoa zelan berrantolatu pentsatzeko, Kale Irekiak izeneko hainbat saio ireki egin dituzte Urak Bide Taldeko kideek. Bertan, herritarrek euren iritzia eta ikuspegia ematen dabiltza. Emakumeen eta nagusien ostean, asteon umeek egin dituzte saio bereziak. Apatan oinezkoentzako dauden oztopoak izan dituzte, besteak beste, berbagai.


Herritar denei edo kolektibo zehatzei —­­­emakume, nagusi, ume…—  mugatutako batzarrak bideratzen ari dira, baina denetan ikuspegi kolektiboa dute helburu. Esaterako, ‘Emakumeen Topaketan’ gizon zein emakume, ume zein heldu, herritar askori eragiten dieten kezkak azaldu ziren. “Autoak, gaur egun, alde denetara heltzen direla oso barneratuta dute, espazio dena hartzen dutela, eta, alde horretatik, erabakiren bat hartu behar dela”, dio Saioa Zuazubiskar Urak Bide Taldeko kideak. Oinezko bide denei lotura emango liekeen sare baten beharra ere plazaratu zuten. Eraikin publikoetarako irisgarritasuna da beste kezka bat. Esaterako, osasun zentroaren kanpoaldeak aparkaleku batera ematen du, eta anbulantzia ezin da atera heldu larrialdirik balego.  

Eskolarako bideak eta eliza inguruko zonaldeak kezka biak batzen ditu. Irisgarritasunaren aldetik, eskolara joateko itzuli handia eman beharra dago atzetik, eta aldapa gogorra egiten zaie ume-karrotxoekin doazenei, batez ere edadekoak badira. Auto-oinezko ereduari dagokionez, sasoi batean eliza inguruan plaza lez erabiltzen zena, gaur egun aparkaleku moduan erabiltzen da, eta umeak hesietatik barrualdera baino ezin dira jolastu.

Beste kezka batzuk errepide nagusiaren beste aldera bizi direnen gainekoak dira. Bidea gurutzatzeko pasabide bakarra dute; gainera, alde horretan ez dute espaloirik semaforora edo autobus geltokira heltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!