Iñaki eta Mikel Urresti: "Bailarako arazoak erlatibizatzen dira mendian"

Anboto 2016ko ots. 21a, 10:00

Garakordada proiektuan buru-belarri dabiltza Atxondoko bi anaiok, musikan Ghetto taldeagaz halako ‘impasse’ bat egin ondoren. Horren baitan sortu dute ‘Piztu’ ikus-entzunezkoa. Mendi Short 2015 saria irabazi dute Bilboko Mendifilm jaialdian.

Sorpresa izan da saria?
Mikel Urresti: Bai. Skimetraje eskiari eta snowboardari buruzko film laburren jaialdian aurkezteko sortu zen ‘Piztu’. Saria lortzeko aukerak genituela uste genuen arren, ez zen horrela izan. Lekeition eta Izaban ere aurkeztu ginen.
Iñaki Urresti: Itzela bai! Lana eginda zegoenez, eta Mendi Short martxan, aurkeztu egin ginen, Mendifilmen zati izanda, pentsatuz inola ere ez genuela lortuko. Espero genuena baino gehiago jaso dugu.

Nola sortu zen ‘Piztu’?
M.U.: Iñakik buruan zuen ideia batetik sortutakoa da gidoia.
I.U.: Garakordada proiektua abiatuta, Skimetrajerako lan bat sortzea erabaki genuen; asko gustatzen zaigu mendiko eskia. Mikelek musika konposatu eta grabatu, eta, nik gidoia landu dut. Mendia zer den, egunerokoan ze ekarpen egiten digun azaltzea izan da ideia.

Zein ekarpen egiten duzue?
I.U.: Eguneroko arazo edo gorabeheretan mendiak egindako ekarpena erakusten du Piztuk. Arazoak erlatibizatzen dira mendira joanda; terapia lakoa da. Mendia goratu gura izan dut, baina, idealizatu gabe; mendia bai, baina, neurrian.
M.U.: Garakordada ‘Piztu’rengatik sortu da, zelabait. Iñakik bazuen kontatu gura zuen zerbait. Ni ere kutsatu nauen barne motibazio oso indartsua dago tarteko. Mendiari oda lakoa izan da: itzela da, halako maitasuna diogu, eta guri ematen diguna islatu dugu. Bailarako arazoak erlatibizatzen dira mendian, baina, han betirako ezin dela egon jakinda. Familia, lagunak... ditugu bailaran.


Bion zaletasuna da mendia?
I.U.: Bai. Gure alde dugu zaletasun asko partekatzen ditugula. Mendia bat, baina, baita hainbat kirol eta musika ere. Musika jotzen ibili gara: azkenengoz, Ghetton.
M.U.:Kuriosoak gara (barrez).

Ikus-entzunezkoekiko zaletasuna ere biona da?
I.U.: Batez ere, nigatik sortua da. Kamera eskas bategaz ibili naiz, lagunekin-eta. Elorrioko 24 ordu digitalean ere saria lortu izan dugu. Baina, anbizio handiagoko egitasmoa sortzeko gogoa nuen. Argi nuen Mikel horretan nahi nuela, bion artean proiektu osoa hartu genezakeela. Biok Bat egiten dugu, bere muga guztiekin.


Anaiak ez dira beti horren ondo konpontzen, ezta?
M.U.: Zaletasun asko partekatu arren, desberdinak gara.
I.U.: Izaeraz desberdinak gara, bai, baina orokorrean ondo konpontzen gara. Musikan aritu garenean, beti jakin dut Mikeli zer gustatzen zaion eta zer ez. Erraz komunikatzen gara.

Eta musika?
M.U.: Musika egiten jarraitzen dut, baina, Garakordadarako. Denak eskatzen du denbora. Erabaki beharrean gaude.
I.U.: Ghetto-gaz gelditu ginen. Ghettorarte esan genuen. Ez dakigu zer gertatuko den.

Favrrese anaiak ekarri dizkizue inork gogora?
I.U.: Ez, ez.. (barrez)
M.U.: Ez ditut asko jarraitu. Ez naiz identifikatuta sentitzen (barrez).

Mendira instrumenturik eramatea ez zaizue bururatu...
M.U.: Ez!
I.U.: Bateria eramatea konplikatua izango nuke! (barrez).

Mendia ala musika?
M.U.: Bat esatekotan, mendia. Hala ere, ezin dut musikarik gabe bizi.
I.U.: Mendiak asko eman arren, ez nabil horren buru-belarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!