Anbotope elkartearen auzian udalaren aldeko epaia eman du auzitegiak

Anboto 2014ko ots. 7a, 13:43

Anbotope elkartea Arrazolan dago, elizaren ondoko eraikin batean

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren urtarrilaren 27ko epaiak “alokairu kontratuaren epea amaituta” dagoela ebatzi du. Ondorioz, “lokala libre uzteko” agintzen die elkartekoei.

2013ko uztailean Anbotope elkartekoei eraikinean jarraitzea ahalbidetzen zien epaia eman zuen Durangoko auzitegiak. Zehazki, alokairu kontratua amaituta zegoela-eta lokala libre uzteko eskatzen zuen udalaren demanda atzera bota zuen. Udalak erabaki horri apelazio-errekurtsoa ipini zion Bizkaiko Probintzia Auzitegian eta urtarrilaren 27ko ebazpenak udalari eman dio arrazoia.

Epaiak dioenez, Durangoko auzitegiak hartutako erabakia “atzera botatzen dugu eta beste bat eman, zeinetan (…)alde biak lotzen dituen alokairu kontratuaren epea amaitutzat jotzen dugun”. Horrela, “lokala libre utzi” behar dutela dio epaiak eta “lehen instantziako kostu prozesalak ordaintzera” ere behartzen ditu.

Epaiaren arabera “sententzia honen kontra ez dago errekurtsorik jartzeko aukerarik, Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan aurkeztu daitekeen kasazio-errekurtsoa salbu””. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!