Garazi Sampedro: "Anboto bizi guztian eduki dut parez pare, eta magia berezia dauka niretzat"

Anboto 2015ko aza. 14a, 10:00
Garazi Sampedro, Arrazolan.

Arrazolan bizi da Garazi Sampedro, Anbotoren magalean. Horregatik, txikitatik magia berezia eduki du Mari jainkosaren etxeagaz. Magia hori indartu egin du orain; mendiko lasterketetan parte hartzen hasi da, eta Anboto kilometro bertikaleko ibilbidetik igotzea izan da gehien gustatu zaiona. Duela urtebetera arte, mendia egunpasak egiteko zen beretzat, eta, gaur egun, Euskal Herriko kilometro bertikalen Kopako hirugarrena da, besteak beste. Marik lagundu ote dio?

Noiz animatu zinen korrika egitera?
Asfaltoan, iazko udan. Koadrilako bategaz hasi nintzen, eta, lehenengotan, ordu erdi korrika egiteko ere ez nintzen kapaz. Baina gustua hartu nion. Bestalde, mendian ibili izan naiz, patxadaz, ogitartekoagaz-eta egunpasan. Pixkanaka biak uztartzen hasi nintzen; izan ere, asfaltoak aspertu egiten nau.

Aspertu?
Burura gauza piloa etortzen zaizu, eta buruz indartsua izan behar duzu korrika jarraitzeko. Jendea musikagaz joaten da, baina niri ez zait gustatzen. Gurago dut mendiko soinuak entzun. Gainera, mendian, lur-eremua aldatu egiten da, ez da beti erraza joateko. Estimulu piloa daude, eta adi joan behar duzu: harri artean zoaz, non zapaltzen duzun adi egon behar duzu... Entretenituta zoaz, eta ez duzu aspertzeko astirik. Paisaia ikusten duzu, animaliaren bat gurutzatzen zaizu...

Baina, zerk bultzatu zintuen korrika hastera?
Atxondon 8 urte dira Anboto Kilometro Bertikala eta Sorginen Lasterketa egiten direnetik, eta oso hurretik bizi izan ditut, ikusten edo laguntzen. Lehenengotan, “hauek zoratuta daude!” esaten nuen. Baina, aldi berean, kilometro bertikala egiteko kapaz izango ote nintzen galdetzen nion nire buruari. Kuriositatea neukan. Jende ezaguna ere ikusten nuen, eta lotsak alde batera utzita, parte hartzen hasi nintzen.

Zein proba gustatu zaizu gehien?
Gehien, bertikalak. Orain dela gutxi hasi naizenez, distantzia luzetan ez naiz ondo moldatzen,  eta jaitsierak ere ez ditut ondo kontrolatzen. Bestalde, psikologikoki errazagoa da; badakizu ordubetean amaituko duzula. Gehien gustatu zaidan proba Anbotokoa izan da. Herrikoa da, eta gogorra. Benetako bertikala da, zeren beste batzuetan, lautadak sartzen dituzte ibilbidean. Ez dira hain leherkorrak.

Arrazolakoa izanda, Anboto mendiak xarma berezia edukiko du zugan...
Anboto bizi guztian eduki dut parez pare, eta magia berezia dauka niretzat. Txikitatik ezagutu ditut inguru hauek, familiagaz eta lagunekin. Arrazolan itzelezko eragina dauka; adibidez, udan eguzkia daukagu, baina, udazkenean, eguzkia Anboto atzetik sartzen da, eta badu magia Arrazola arratsaldez gerizpetan ikusteak. Gero, Mariren mitoa ere hor dago, eta historikoki oso gertu eduki dugu Anboto.

Ikusi al duzu Mari inoiz?
Ikusi ez, baina berba sarri egiten dut beragaz (barrez). Lantzean behin, laguntza eskatzen diot, beti kasurik egiten ez duen arren!

Hirugarren geratu zara Bertikalen Euskal Herriko Kopan. Espero zenuen?
Ez. Hasteko, ez nekien Koparik zegoenik ere. Iaz, Beriain, Anboto eta Xoxoteko bertikalak egin ostean, aurten, Larrunekoan eman nuen izena, eta Kopako lehen proba zen. Orduan enteratu nintzen. Zegaman korrika egitea egokitu zitzaidan, zozketaz, eta Kopa egitea okurritu zitzaidan. Ez dabil neska askorik, eta ikusi nuen aurrean joan ahal nintzela. Puntuatzeko, bostetik hiru proba egin behar ziren gutxienez, eta zirkuitua bik egin dugu oso-osorik.

Zer esango zenieke ausartzen ez diren neskei?
Konplexuak galtzeko. Lotsa handia eta beldurra daukagu neskok. Jendeak uste du superwoman bat izan behar duzula lasterketetan parte hartzeko. Geure burua gutxiesten dugu. Parte hartzeko, ez da aparteko maila behar! Mutiletan bai, mutiletan denetik dago, eta gehiagok hartzen dute parte. Ondo pasatzea izan behar da azken helburua.

Zer plan duzu hurrengo hileetarako?
Mendian gutxi ibiliko naiz. Bertikalak egiten jarraituko dut, baina, hurrengo urtean, proba luzeagoetan parte hartzeko asmoa dut, eta, horretarako, distantzia landuko dut, asfaltoan. Orain, egunerokotasunean, errazagoa da bidegorrira joatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!