Eskola legeztatzeko araudia egokitzen jarraitzen du udalak

Anboto 2015ko ira. 18a, 11:03
Atzoko udalbatzarreko une bat

Uztailean plan berezi bat onartu zuten. Atzo, arau subsidiarioen aldaketa puntual bati baietza eman zion udalbatzarrak aho batez. Helburu bera lortzeko bide bat baino gehiago erabiltzen ari dira.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak eskola egiteko udalak Jaurlaritzari emandako lizentzia balio barik utzi zuen iazko otsailean. Epai berak egoera legeztatzeko eman beharreko urratsak zehazten zituen eta harrezkero udalean egon diren Gobernu Talde biak eskatutako pausuak ematen dabiltza. Uztail amaieran plan berezi bat aurkeztu zuten udalbatzarrean eta aho batez onartu zen behin behinean. Orain Aldundiari dagokio behin betiko baietza ematea.

Baina bide hori ez da lantzen ari diren bakarra. Helburu bera lortzeko paraleloki beste bide batzuk lantzen ere badabiltza. Ildo horretatik, atzoko udalbatzarrean arau subsidiarioen aldaketa puntual bati hasierako onarpena eman zioten aho batez (EH Bildu eta EAJ). Laster alegazioen epea hasiko da; horiei erantzuna emanda udalbatzarrak behin betiko onarpena eman beharko dio eta, ondoren, azken erabakia Aldundiaren eskuetan egongo da. Aldaketa puntual horrek uztailean onartuta plan bereziaren helburu eta eduki berdina du. Aldundiak bietako bat onartzea nahiko izango litzateke eskola lege barruan jartzeko. Eta gaiaren garrantzia kontuan hartuta, dokumento biak ezohiko plenoetan onartu dituzte, ohikora itxaron gabe.

Horrez gainera, atzo Dabid Cobos alkateak adierazi zuenez Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria laster udalbatzarrera eramateko asmoa dute, han bozkatu eta onartu dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!