Eskola legeztatzeko plan berezia Aldundiaren baietzaren zain dago

Anboto 2015ko ira. 9a, 11:00

Eskola berria eraikitzeko udalak jaurlaritzari emandako baimena legez kontrakoa zela argudiatuta, eskola pareko etxebizibitza blokean bizi diren 12 bizilagunek auzitegira jo zuten 2011n. Prozesu luze baten ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak aurtengo otsailean emandako epaiak dio lizentzia bertan behera utzi, eta eraikina bota egin behar dela. Baina, sententzia berean, lizentzia legeztatzeko zer egin behar zen ere argitzen zuen: tramite administratibo bat. Urrats horiei jarraituz, beharrezko datu denak jasotzen dituen plan berezia gobernu taldeak landu, eta udalbatzarrean aho batez onartu ondoren, dokumentua Aldundiaren eskuetan dago, behin betiko onarpena emateko zain.


Sententziak zioen plan orokorrean ez zeudela eskolaren gaineko datuak xehetasunez edo zehatz-mehatz jasota. Horiek jasotzen dituen plan berezia dekretu bidez onartu zuen Rosa Elizburu alkate ohiak. Planak alegazio bi jaso zituen: eskola ondoko bizikideena eta EAJrena. Udalbatzarrean ez zen alegaziorik onartu. Plana, ordea, aho batez irten zen aurrera. EAJk, batez ere, plana aurrera eramateko formak salatu zituen, baina eskolaren alde egonik, aldeko botoa eman zuen.

Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakia hile biren barruan jasotzea itxaroten du. Atxondo 7.000 biztanletik beherako herria denez, Aldundiari dagokio behin betiko onarpena egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!