Udal hauteskundeak 2015

EHBilduko hautagaien kontrako EAJren “kalumniak” berehala erretiratu ezik epaitegira joko dute

Anboto 2015ko mai. 21a, 11:48

David Cobos, Rosa Elizburu eta Onintze Oleaga gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

Atxondoko EAJk etxez etxe banatutako hauteskunde programan EHBilduko David Cobos eta Onintze Oleaga hautagaiek eta Rosa Elizburu alkateak alokairuzko etxebizitzen banaketa prozesuan prebarikazioa egin dutela iradokitzen du. Akusazio “faltsua” bariku gauerdia baino lehen zuzentzeko exigitu dute hirurek. Etxez etxeko zuzenketa gura dute. Bestela epaitegira joko dute.

Atxondoko EAJk hauteskunde programa banatu du etxez etxe. Bertan 2011ko udal prozedura bateko dokumento bat atxikitu dute. Sasoi hartan, aurreko legegintzaldian, udalak alokairuzko lau etxebizitza jarri zituen martxan eta horien zozketan parte hartzeko izena eman zuten David Cobosek eta Onintze Oleagak orduko alkate eta alkateordeak. Udal idazkariaren txostenak zioen ezin zutela zozketan parte hartu udalean karguak zituztelako. Dokumento hori da EAJk banatu duena. “Baina idazkariak berak gaiaren konplexutasuna zela eta, udalaz gaindiko Madrilgo beste organo baten menpe jarri zuen bere iritzia”, azaldu du Rosa Elizburu alkateak gaur eskaini duten prentsaurrekoan. Etxebizitzen esleipenerako tramitazioa aurrera eraman duen alkatea izan da eta, beraz, akusazioek berari ere eragiten diote.

Madrilgo organo horrek —Administrazio Kontratazioko Kontsulta-Batzordea— atzera bota zuen udal idazkariaren txostena: “Udaleko kideek zerbitzu sozial horiek jasotzerakoan beste herritar guztien pareko eskubideak zituztela zioen”, adierazi du David Cobosek. Beraz, “argi dago EAJren hauteskunde programan ageri den akusazio hori guztiz gezurrezkoa dela. Kalumnia da. Guk ez dugu deliturik egin, zintzo jokatu dugu”.

2011ko kontu bat lau urte geroago hauteskunde kanpainan atera izana salatu dute eta kalte pertsonalei buruz ere mintzatu dira: “Atxondon denok gara ezagunak. Honelako egoerek ez diote herrikidetzari mesederik egiten. Hori idatzi eta zabaldu dutenak konturatu dira nolako kaltea egiten digun gu hiruoi eta gure familiei?”.

EAJren akusazioak “larriak” direla diote eta “eginikoa zuzendu dezatela” exigitu dute: “Azaldu dezatela herriaren aurrean gure aurkako prekarikazio akusazio hori ez dela egiazkoa”. David Cobos Atxondoko EHBilduko zerrendaburua da eta Onintze Oleaga Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia. Hauteskundeetara aurkeztuko dira. Beraz, zuzenketa bariku gauerdia baino lehen egiteko exigitu dute. Bestela epaitegietara jo eta kereila bat jarrito dute. Edozelan ere, puntu horretara ez iristea espero dute: “Egia esateko, guk ez dugu nahi kereila bat sartzeko beharrizanean aurkitzea. Ez da ez gure eredua eta ez gure borondatea, baina beharbada ez da beste aukerarik egongo”, adierazi du Oleagak. Gainera, “jakin badakigu EAJko herrikideek zein zerrendatan doazen batzuk ez daudela konforme horrelako jokabideekin”.

Ez da EAJren lehen akusazioa

Ez da EAJk horrelako akusazio bat egiten duen lehen aldia. Orain bost bat urte ere antzerako akusazioak egin zituen Cobosen kontra alokairuko etxebizitza baten harira. Auzia epaitegietan dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!