14:00etatik 18:00etara bitartean irtengo dira mendi korrikalariak Arrazolatik. Erlojupeko proba honetan 3,8 kilometroko ibilbidea edukiko dute aurretik, 1.092 metroko desnibel positiboagaz. Igoerako errekorra, gizonen mailan, Marco de Gasperi italiarrak dauka, 37 minutu eta 14 segundogaz. Emakumeetan, Oihana Kortazarrek dauka, 47 minutu eta 10 segundogaz. Marka horiek hautsiko ote diren, hor ere badago morbo apur bat. Zaila izan arren, ahaleginduko dira.
Asuntze mendi taldekoek antolatzen dute lasterketa, udalaren laguntzagaz, eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Iñigo Lariz, Anartz Etxebarria, Oihana Azkorbebeitia eta Nerea Amilibia izango dira proba irabazteko faborito nagusiak. Guztira, 220 korrikalaritik gora ibiliko dira Anbotoko igoeran.
Zaletasuna sustatzen
Alde lehiakorraz gainera, mendiko kirolekiko zaletasuna sustatu gura dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, mendiko kirola ardatz izanda, jendea jai giroan batzea da helburua. Gainera, elitez kanpoko kirolariak ere animatu dituzte. Korrikalari onenak bertan izatea gustuko izan arren, kirol herrikoia ere maite dutela adierazi dute, eta parte hartzera animatu dituzte kirolari eta mendizale arruntak. Sailkapenaz harago, norbere erronka ipini, eta maila neurtzeko balio ahal duela uste dute.
Hori guztia, bihar, Atxondoko inguru ikusgarrian biziko da. 18:30 bueltan esango dute nortzuk diren aurtengo Anbotoko Kilometro Bertikalean.