Ariznabarreta eta Azkorbebeitia onenak Sorginen Lasterketan

Anboto 2014ko urr. 6a, 09:55

Sorginen Lasterketako podioa (Argazkia: Xabier Arizaleta)

Sirimiriak lokaztutako ibilbidean, Ariznabarreta durangarrak bigarren aldiz irabazi du lasterketa. Azkorbebeitia abadiñarrak debuteko urtean irabazi du.

 

Durangaldeko korrikalariak protagonista izan ziren atzo Axpen hasi eta amaitu zen Sorginen Lasterketan. Gizonetan lehenengo hiru tokiak durangoko korrikalari banarentzat izan ziren. Oier Ariznabarretak erakustaldia eskaini zuen (2.03.41); bakarrik egin zuen mendi lasterketako zatirik handiena eta denboraldi amaiera garaipen batekin ospatu zuen. Bere atzetik Julen Ozaeta (2.05.11) eta Ekaitz Kortazar (2.07.59) sailkatu ziren. Kortazar lesio luze batetik errekuperatuta zetorren eta Besaiderako igoeran ezin izan zuen Ozaetaren erritmoa jarraitu.

Emakumeetan Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak Sorginen Lasterketan parte hartzen zuen lehen aldian nagusitzea lortu zuen (2.30.22). Helmugan hiru minututik gorako aldea atera zion Alizia Olazabali eta podioko hirugarren tokia Maria Zorrozarentzat izan zen.

Atxondoko korrikalaririk onenak Jon Rodrigo eta Ainhoa Abendibar izan ziren. Luis Narbaiza zaldibartarrak 55 urtetik gorako mailan nagusitzea lortu zuen.

Orain arteko aldi denetan parte hartu duten korrikalari biei oroigarrri bana eman zien antolakuntzak: Asser Alonsori (Berrizen bizi den atxondarra) eta Patxi Ros bilbotarrari. Alonsok zortzigarren tokian amaitu zuen Sorginen Lasterketa eta Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra zazpigarren sailkatu zen.

Iazko aldian, lasterketa lehiatzen zebilela, bihotzekoak jota hil zen Tasio Durán gogoratzeko minutu bateko isilunea gorde zuten hasieran eta hainbat korrikalarik Durán gogoratzen zuen kamisetagaz lehiatu zuten.

Sailkapen orokorra, hemen

Gizonen podioa (Argazkia: Xabier Arizaleta)

 

 
 
Emakumeen podioa: (Argazkia: Xabier Arizaleta)

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!