Aurtengo ibilbideak 25,6 kilometro ditu, eta 1.300 metroko desnibel positiboa. 09:30ean irtengo dira Axpetik, eta Larrano mendi lepora igoko dira; 997 metrogaz, lasterketako punturik garaiena da. Hortik Pol-pol eta Zabalaundira joango dira. Ondoren, Topera jaitsi, eta Besaiderako igoera hasiko dute. San Roke eta Santiagotik igaro ostean, Axpen helmugaratuko dira.
Guztira, 132 korrikalarik parte hartuko dute Sorginen Lasterketan: 121 gizonezkok eta 11 emakumek. Faboritoak bereiztea ez da erraza. Gizonetan Oier Ariznabarreta durangarrak oso denboraldi ona egin du; sasoiaren azken txanpan, 2012an lortutako garaipena berrizteko faborito nagusien artean sartu daiteke. Espainiako Duatloi Txapelketako txapeldunordea da, eta bereak dira Berako (Nafarroa) eta Sarako (Lapurdi) mendi lasterketetako markarik onenak.
Emakumeetan Oihana Azkorbebeitia abadiñarra faboritoen artean sartzen dute adituek. Joan zen asteburuan, Apuko Kilometro Bertikala irabazi zuen Zaramillon (Gueñes, Bizkaia). Hala ere, berak ez du bere burua faboritotzat jotzen. Ez da denbora asko entrenamenduetara bueltatu dela, eta lasterketa ahalik ondoen amaitzea du helburu. Iazko irabazle Imanol Goñi eta Silvia Trigueros, ez dira etorriko aurtengo aldira.