Atxondok gazte mailako herri artekoa irabazi du

Anboto 2014ko eka. 12a, 16:00

Atxondo gaztetxoak finala irabazi ostean
Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketa irabazi du Atxondok gazte mailan. Orain urte bi ere irabazi zuen.

 

Joan zen asteburuan Atxondok eta Zeanurik jokatu zuten finala Zaldibarko pilotalekuan. Atxondok finaleko hiru partiduak irabazi zituen. Benjaminetan Faben Ituartek eta Iskander Agirrebeitiak osatutako bikoteak 18-13 menderatu zuen Zeanuriko bikotea. Kimuetan 18-12 irabazi zuen; Ander Arrasatek eta Aitor Gallastegik osatu zuten bikotea. Haur-kategorian, dagoeneko txapelketa poltsikoan zutela, Egoitz Axpek eta Josu Egurenek hirugarren garaipena eman zioten Atxondori.

Atxondok itxaropentsu egoteko moduko harrobia du. Azken hiru urteetan finalera heldu da. Orain urte bi irabazi egin zuen Orozkoren aurka eta iaz, arerio beraren kontra,  galtzea egokitu zitzaion. Aurten, garaikurra etxera ekarri dute berriro.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!