"Euskaldun Torneoko lider ipintzea izango da aurtengo helburua"

Anboto 2014ko mar. 19a, 08:30

Euskaldun Torneoko sailkapenean bigarren dago 23 urteko atxondoarra; gainera, joan zen domekan Astilleroko proba irabazi zuen
Pilotan eta futbolean hasi zen umetan, baina 11 urtegaz lesio bat eduki zuen, eta bizikletan ibiltzea gomendatu zioten errehabilitazio lez. Txirrindularitza bizitzeko modu bat da geroztik Paul Usabelentzat. Afizionatu mailako ziklista onenetako bat da; joan zen domekan Astilleron (Kantabria, Espainia) lortutako garaipena da horren erakusle. Afizionatu mailako lehen garaipena izan da beretzat. Horretaz gainera, hezitzaile ikasketak garatzen dabil, eta Baqué-Campos taldean ere sen hori erakusten du gazteagoekin.

 

Zelan lortu zenuen Astilleroko garaipena?

Talde guztia joan ginen, eta eraso guztietara irten behar zen. Aktibo egon ginen, eta ni hasieratik egon nintzen ihesaldi guztietan. Bakarrik ere joan nintzen pare bat bider, baina ez zidaten uzten ihes egiten. 70 kilometro faltan ihesaldia osatu zen; Baqueko bost sartu ginen, eta aparteko bi ere bai. Denok erreleboetan eta ganoraz joan ginen hasieran, baina 50 kilometro falta zirenean besteak ez ziren pasatzen. Barrientosek eta biok erasoa jo genuen, eta erreleboka joan ginen. Minutu eta erdiko distantzia hartu, eta azkenean minutu bikoagaz sartu ginen.

 

Eskutik helduta sartu zineten helmugan, baina zu aurretik.

Berak Lizartzan irabazi zuen, eta Astilleron ni hasieratik ibili nintzen ihesean. Horregatik, berba egin genuen ni sartzeko aurretik.

 

Zapatuan ere emaitza ona lortu zenuen Urretxun.

Euskaldun Torneoko lider ipintzeko esperantza neukan. Zortzigarren egin nuen, eta sailkapenean bigarren ipini nintzen, puntu batera. Ondo ibili ginen, baina gutxi joan ginen lasterketara. Azken unean bakarrik geratu nintzen, eta ezin izan nuen eraso guztietara irten. Bost kilometroren faltan seik egin zuten ihes, eta, atzetik, bigarren sailkatu nintzen esprintean. 

 

Hurrengoan lider?

Apur bat urrun geratzen da hurrengo proba, Lazkaokoa, lau astera. Bitartean entrenatzen jarraituko dut. Lehenengo Balenciaga lasterketan zentratuko naiz, garrantzitsua da-eta. Horrelako garaipen batek motibazioa ematen dizu entrenatzen eta gauzak ondo egiten jarraitzeko. Euskaldun Torneoan lider ipintzea da aurtengo helburua. Urtea lidergoan amaitzea gaitza izango da, baina lasterketa polit batzuk eginda, behintzat, ea hor egoten garen. 

 

Taldean gazteei erakustea ere baduzu helburu, ezta?

Baquen oso gustura egon nintzen, eta eskatu zidaten Elite lez urtebete gehiago egiteko, apur bat gazteei erakusteko esperantzagaz. Lasterketan zelan jokatu behar den, zelan entrenatu... Balio batzuk transmititzea izango da. Taldea familia txiki bat da, denok moldatzen gara oso ondo. Gauzak azaldu behar zaizkie azpi-azpitik ikasten joateko.

 

Zer asmo daukazue taldeagaz?

Ez daukagu eskaerarik, eta hori garrantzitsua da; gugan konfiantza dute. Iaz lasterketa garrantzitsu mordo bat irabazi genuen, denboraldi oso polita egin genuen. Beharbada, horra ez  gara helduko, baina gure helburua gauza politak egiten jarraitzea da. Ea Baqueri eta Camposi ere poza ematen diegun, garrantzitsua da-eta momentu honetan.

 

Zelan ikusten duzu taldea?

Taldea oso indartsu dago. Elitean bi bakarrik gaude, baina 23 urtez azpikoetan jende oso ona dago. Angulo eta Jimenez, adibidez. Gazteak ere indartsu datoz. Gaur egun ziklismoa dagoen moduan dago, eta jende gaztea igotzen dabiltza [profesionaletara]. Ez da hori gure helburua; benetan erritmo onagaz eta gogortuta daudenean igotzea baizik. Oso gaitza da profesionaletara pasatzea. 

 

Egoera aldatzen dabil, beraz?

Elitekoentzat gero eta lasterketa gutxiago dago. Gero eta gazteagoetara mugatu nahi dute, eta, nire ustez, akats bat da; ziklista onak irteten direnak askotan adinekoak izaten dira. [Amets] Txurrukak, adibidez, bost edo sei urte egin zituen afizionatuetan, eta gero begiratu zelako txirrindularia irten den. Ez dut uste filosofia eraginkorra denik.  

 

Txirrindulari azkarra zara. Esprinterra? 

Nire burua ez dut esprintertzat jotzen. Bizkorra naiz, baina portuak-eta daudenean. Talde batean ailegatzen banaiz, ondo moldatzen naiz. Esprint masibo batean, ni baino jende bizkorragoa dago. Pista egin dudalako dakit pelotoian mugitzen; esplosiboa naiz, baina ez daukat iraunkortasunik.

 

Pistan ondo ibili zara, gainera.

Txirrindularitzan dauzkadan emaitza guztiak pistan izan dira. Kadeteetan, bigarren urtean, Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, eta gazte mailako lehen bi urteetan ere bai. Gazte mailako bigarren urtean Espainiako bigarren egin nuen taldeka, eta Munduko Txapelketa ere lastertu nuen, Errusian. Afizionatuetara pasatu nintzenean, beste salto bat izan zen, eta golpe txiki bat hartu nuen. Gehiago entrenatu behar da, ondo ez zabiltzala ikustean desmotibatzen zara... Bizikleta ez da 2 + 2 = 4.

 

Aurrera begira, zer esperantza?

Esperantza da azkenengo galtzen dena. Gauzak ahalik eta hoberen egin gura ditut, bizikleta uzterakoan ez esateko “egin banu”. Ez dut harragaz geratu gura. Aukera edukitzen badut, talde kontinental batean jarraitu gura dut; baina, bestela, bizikletaren munduan jarraitu nahi dut, konpromiso hori barik.

 

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!