Paul Usabel bost onenen artean Euskaldun Txapelketako lehen lasterketan

Anboto 2014ko otsailaren 25a

Euskaldun Txapelketako lehenengo lasterketan bosgarren postua lortu du Paul Usabel atxondarrak. Larunbatean jokatutako lasterketa elite eta 23 urtez azpikoen euskaldun egutegiko lehena zen.

 

 Zumaian jokatu zen lasterketan, 112 kilometro burutu behar izan zituzten txirrindulariek, zirkuitu bati sei bira emanez.  Lasterketaren inguruan honako hau aipatu du Paul Usabelek:“Nire gusturako lasterketa nahiko astiro joan zen, 40 km/orduko abiadura atera genuen. Horrek amaierara tropel handia heltzea ekarri zuen”.

 

Nahiz eta, ihesaldi saiakera ugari egon, helmugarako 10 kilometro falta zirenerako, 50 txirrindulari inguruz osatutako tropela zen lasterketa buru. Azken esprintean Jon Irisarri EDP taldeko txirrindulariak lortu zuen irabaztea. Bigarren sailkatua Mikel Hernandez izan zen,eta hirugarrena Imanol Diaz.

 

Bestalde, igandean Lehendakari Txapelketako lehen lasterketa jokatu zen Soraluzen. Bertan, Lizarte taldeko Marc Soler izan zen garaile, eta Usabelen taldekide Carlos Anton Jimenezek bigarren postua lortu zuen. Hirugarren postuan, Jorge Arcas irabazlearen taldekidea helmugaratu zen.

 

Datorren asteburuan Paul Usabel Cafe Baque- Conservas Campo taldeko txirrindulariak Kantabrian bi lasterketa izango ditu. Euskal Herriko errepideetan berriz, ez du martxoaren 9 arte lehiatuko, Aiztondoko Klasikoan. Euskaldun txapelketako hurrengo lasterketa martxoaren 15ean izango dute Urretxun, Gipuzkoan. Atxondarrak ez du “helburu nagusi” moduan jartzen Euskaldun Txapelketako sailkapen nagusia. Bere helburu nagusia, urte osoan zehar “postu onak” egitea izango dela nabarmendu du.

 

Cafe Baque-Conservas Campo taldeak aurten pausu bat eman eta nazioartean hainbat lasterketetan arituko dira. Taldearen helburu nagusia, txirrindulari taldea osatzen duten denen artean “giro ona” edukitzea dela azpimarratu du, harreman ona izanez gero horrek emaitzak ere ekarriko baititu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!