"Ahalik eta soinu naturalena lortzeko erabaki dugu Garaten grabatzea"

Anboto 2014ko ots. 26a, 09:00
Elorrioko Ateneoko kontzertuan aurkeztuko du Kilauea laukoteak 'Sonichaos' izeneko disko berria, barikuan. Ioritz Alejok, Iñaki Larreak, Jon Revillak eta Jokin Larreak osatzen dute Kilauea.

 

Zer sentsazio daukazue diskoaren aurkezpenagaz?

Ioritz Alejo: Gu apur bat nekatuta eta guzti gaude diskoagaz, baina azken asteotan jendeak asko galdetu digu disko berriaz. Zelanbait, jendeak berak kutsatu digu emozioa. 

 

Eta aurkezpen kontzertua zelakoa izango da?

Iñaki Larrañaga: Areto oso txikia da Ateneoa, oso beroa, eta giro oso polita sortzen da.

Jon Revilla: Oso hurbil daukazu publikoa. Oso gustura jarduteko leku ezin aproposagoa da.

I.A.: Disko berriko kantak ez ezik, maketakoak ere joko ditugu, eta bertsio bat ere bai, Hellacopters taldearena.

I.L.: Kontzertu arina izango da, hasi eta amaitu egingo dugu; berba askorik bakoa izango da, kantatik kantara tarterik gabekoa. Horrela gustatzen zaigu.

 

Kilauea

 

Zer azpimarratuko zenukete disko berri honen inguruan?

I.A.: Sonichaos izena du, abesti bakoitzak bere estiloa daukalako. Kanta batzuek gehiago dute punketik, distortsio gehiagogaz, eta beste batzuk anplifikadore klasikoagaz grabatu ditugu...

I.L.: Soinu aldetik kaos bat da diskoa. Itxura batean, rock-and-rolla da dena, baina hainbat ñabardura daude.

 

Bilatutako zerbait izan da hori?

I.A.: Bilatzen ez dakit, baina probatzen ibili gara, bai.

I.L.: Ni orain gutxi sartu naiz taldean, eta kanpotik begiratuta, iruditzen zait maketan abestiak linealagoak zirela soinu aldetik. Oraingoan estudio profesional batean grabatu dugu: ahalik eta soinu naturalena lortzeko aukeratu dugu Garate. 

J.R.: Guretzako esperientzia ikaragarria izan da Garaten grabatu ahal izatea. Hilabete egon gara han lanean, lagunartean. Batzuk bertan geratu ginen lo egitera, eta lanean jardun ginen arren, ia-ia oporrak izan ziren.

 

Zer aldaketa gertatu da disko honetan, lehen egiten zenuten musikarekin alderatuta?

I.L.: Disko berrian punk-rockari punk zatia kendu diogula uste dut, eta rolla gehitu diogula. Punk-rocketik rock-and-rollera egin dugu. Estudioan naturaltasuna lortu, eta entsegu lokalean garena diskoan islatu dugu.

J.R.: Maketako soinuak ukitu modernoagoa dauka.

 

Maketa aurkeztean esan zenuten bost urte barru grabaketa horrekin harro egon nahi zenuketela.

J.R.: Ez gara batere damutzen disko hura grabatzeaz, ondo dago. Baina egia da aurrera egin dugula, asko hobetu dugula.

I.L.: Apustu handia egin dugu disko honetarako: estudio on batean grabatu dugu, eta diseinua ere asko zaindu dugu. Seguru nago bost urte barru harro egongo garena disko berri honetaz.

 

Iaz irabazi zenuten Durangaldeko Maketa Lehiaketako saria bultzada izan da grabazioa era honetan egiteko?

I.L: Bultzada inportantea, inflexio puntua izan zen sariaren 1.800 euroko oinarria edukitzea. Hori barik ezingo genuke horrelako grabazio batean sartu.

J.R: Diru hori barik ez genuke pentsatu ere egingo Garate estudiora joatea diskoa grabatzera.

 

 

Disko berria atzerrian ere erakusteko gogoz 

Katalunian zein Ingalaterran jotzeko asmoa dute
 

Iazko udazkenean, Andoaingo Garate estudioan grabatu zituen Kilauea Atxondoko taldeak Sonichaos disko berriko kantak. Hilabetez jardun ziren estaldurarik bako baserri horretako estudioan lanean. Diskoan ahalik eta artifizialtasun gutxien sartzea izan dute grabatzerakoan helburu: mikrofonotik sartzen den soinua datorren bezala jaso dute diskoan. Digitalak soinua apaintzeko ematen dituen aukerak baliatu barik, benetakotasuna bilatu dute. 

Duela urtebetetik Kilaueako kide da Namek Planet taldean ibilitako Iñaki Larrañaga Diskoberriaelorriarra ere. Londresera bizitzera joandako taldekidearen ordez sartu zen Larrañaga, eta, hasieratik taldean diharduten Alejo, Revilla eta Larreagaz osatzen du laukotea. Hain zuzen, besteak beste, Londresera joan nahi du Kilaueak Sonichaos aurkeztera. Ingelesez idatzirikoak dira disko berriko kantak: "Entzuten dugun eta gustuko dugun musikarekin horretara gaude ohituta, eta hobeto geratzen dela ere iruditzen zaigu", azaldu dute hizkuntzaren hautua. "Gainera, baliteke horrela Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera gehiago edukitzea". 

Kataluniako musika talde batekin elkarlanean, Herrialde Katalanetan ere zuzenekoak eskaintzeko asmoa dauka Kilaueak. Hala ere, maketa kaleratu ostean gertatu zen bezala hainbeste kontzertu pilatu barik, Ioritz abeslariak azpimarratu du lasaiago ibiltzeko asmoa dutela oraingoan. "Asko gustatzen zaigu jotzea, baina hurrengo diskorako kantak sortzeko denbora gehiago izan nahi dugu". Jon Revillak gehitu du: "Gure helburu nagusia da jendeak gure musika entzutea".

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!