Durangaldeko udalik zorpetuena Atxondokoa dela gezurtatu du Bilduk

Anboto 2014ko otsailaren 20a

Atxondoko herrigunea, pilotalekua eta udaletxea.
Atxondoko EAJk prentsa ohar bidez jakinarazi ditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak udalaren 2011ko ekitaldiaren inguruan kaleratutako txostenaren datuak. Jeltzaleek diotenez, Atxondokoa Durangaldeko udalik zorpetuena da. “Urte horretan, zorpetzea bere ohiko sarreren %65era heldu zen” .

 

Jeltzaleek diote epaitegi horrek gastuak murriztea aholkatu diola Atxondoko Udalari. Gaineratu dute pertsonalaren gastuak, soldata eta hirurtekoak, bi aparteko soldatekin batera, 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearekin ez datozela bat. Kontratazioei dagokienez, EAJk dio obren inguruko bi kontratutan egindako aldaketak azpimarratzen dituela txostenak. 

Bilduren erantzuna 

Bilduk gezurtatu egin du, EAJk dioen moduan, Atxondokoa Durangaldeko herri zorpetuena dela. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenaren inguruan EAJk "intentzioz" egindako adierazpenak direla kritikatu du Rosa Elizburu alkateak, eta kontuetan arazo "larririk" ez dutela aurkitu azaldu du. "Zorpetutako udaletxe bat gara, hori ez dugu inoiz ezkutatu, baina zorpetuagoak badaude. Gogoratuko nuke kredituak arrastatzen gabiltzala 2004tik, EAJren sasoitik". Elizburuk gaineratu duenez, 2010ean kontrol eta doikuntza neurriak jarri zituen martxan udalak. "2011, 2012 eta 2013 positiboan itxi ditugu, eta 30 egunera ordaintzen ditugu fakturak. Datuak publikoak dira, eta edonork ikusi ditzake". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!