Anbotope elkarteko eraikina libre uzteko demanda atzera bota du epaitegiak

Anboto 2013ko ira. 25a, 08:55

Elkarteko abokatuak legediaren zirrikitu bat baliatu du argudio moduan. Errenta kontratua Udalak eta elkarteko orduko presidenteak sinatu zutela dio, eta ez elkarteak berak. Orain udalak eta elkarteak duten kontratua beste bat ei da, sorburua 2011ko sententzian duena

Elkarteko abokatuak legediaren zirrikitu bat baliatu du argudio moduan. Errenta kontratua Udalak eta elkarteko orduko presidenteak sinatu zutela dio, eta ez elkarteak berak. Orain udalak eta elkarteak duten kontratua beste bat ei da, sorburua 2011ko sententzia batean duena.

 

Horiek horrela, errenten inguruko legea kontuan hartuz, 2016ra arte egon daitezke Anbotopen elkartekoak. Udalak errekurtso sartu du aste honetan.

 

1976ko da lehen kontratua, Anbotope elkarteko presidenteak eta Udalak sinatu zutena. 1986an beste hamar urtez luzatu zuten. 1996an ez zen berritu eta harrezkero kontratu barik dabiltza. Udalak bere sasoian handik irteteko eskatu zien. Nahi ez zutenez Durangoko epaitegira jo zuten (2008an) eta epaileak arrazoi eman zien. 2011n elkarteak demanda bat sartu zuen. Demanda horretan eskatzen zutena zen udalak aitortzea kontratuduna alkartea zela eta ez presidentea. Udalak, epaiketara itxaron barik, gaia alperrik ez luzatzeko eta mundu osoak zekien kontu bat zenez, horrela zela onartu zuen.

 

2013ko urtarrilean udalak beste demanda bat sartu zuen Durangoko auzitegian eta demanda horretatik dator azken epai hori. Errenta kontratuaren epea iraungita zegoela zioten eta Anbotope elkartekoek eraikina libre utz zezaten eskatzen zuen. Demanda horren inguruko prozesua uztailean amaitu zen eta epaiak atzera bota du udalaren demanda. Elkartearen defentsak legediaren zirrikitu berari beste ertz bat aurkitu dio horretarako. Argudiatu zuenez, Udalak eta sasoi hartako presidenteak ezarri zuten errenta hartuemana ez da gaur egun elkarteak eta Udalak duten bera. Oraingoak 2011ko abenduko sententzian ei du oinarria, eta beste kontratu desberdin eta berri bat ei da. Epaileak arrazoi eman die. Gainera, defentsak horrelakorik eskatzen ez zuen arren, hasiera data bat zehaztu du: 2011. urtea. Beraz, errenta kontratuek gutxienez bost urteko iraupena dutenez, 2016ra arte egon daitezke elkartekoak Anbotopen.

 

Errekurtsoa ipini dute

 

Udalak errekurtsoa ipini du aste honetan. Espedientea aztertzen duen edonork Anbotoperen erabilera hasiera-hasieratik elkartekoena dela argi ikusi dezakeela diote udal ordezkariek. Elkartekoek eurek ere onartu ei dute hori, eurek ipinitako demandako une batean idatziz jasota geratu den moduan. Ez dute ulertzen erakunde publiko batek ondasun publiko baten “erabiltzaile irregularrak” bidaltzeko hainbeste denbora behar izatea. Izan ere, prozesua 2008an hasi zen eta epaileak errekutsoaren kontrako epaia ematen badu 2016ra arte iraungo du. Errekurtsoaren epaia sei hileren buruan jasotzea itxaroten dute.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!