Nondik datorkizu sukalderako afizioa?
Gaztetatik daukat sukalderako afizioa. Arrebak taberna bat zeukan San Antonion, eta libre egoten nintzenean askotan joaten nintzen familiakoei laguntzera; bildotsa burruntzian erre, eta horrelakoak egitera. Gero, Axpera ezkondu nintzenean, elkartean bazkariak egiteko-eta, neuri deitzen hasi ziren: txuletak egin, bakailaoa prestatu… Axpera etorri nintzenetik, baserritarra izateko, bakailao kazola asko prestatu ditut nik.
Bakailaoa egiten fenomenoa ei zara. Txapelketetara aurkezten zara?
Bai, herri askotan parte hartu dut, eta txapel ugari lortu ditut: Lekeition, Abadiñon, Axpen… Baina azken urteetan herrian ez dut parte hartu. Hainbat urtez jarraian irabazi izan dudanez, jendea ez zen lehiaketarako prestatzen, eta uztea erabaki nuen. Azken urteotan, gaztetxoei bakailaoa nola egin irakasten egon naiz. Askok esaten didate berriro aurkeztu beharko dudala. Baliteke egunen batean berriz ere txapelketa batean parte hartzea.
Baduzu errezeta sekreturik bakailaoa egiteko?
Ez, horretarako ez dago sekreturik. Kontua da bakailaoa ordu luzez beratzen edukitzea eta ura ondo kentzea. Bakailaoa astiro-astiro egin behar izaten da. Norberak pazientzia handia edukitzea ere beharrezkoa da. Gainera, txapelketetan neurri batzuk kontuan hartu behar izaten dira: lurrezko kazolan kozinatzea eta berakatza bakarrik eramatea, adibidez.
Atxondoko sukaldarietako bat omen zara, jende askorentzat prestatzen omen dituzu bazkari eta afariak.
Bai. 26 urtez Baqué esku pilota txapelketakoak denboraldian zeudenean, eguazten gauetan, afaria prestatzen nien. Hasiera batean lagun batek eta biok prestatzen genien, baina azkeneko urteetan neuk bakarrik prestatzen nien. Eta, orain ere, Atxondoko lagun askori eta abeltzainen elkartekoei neuk prestatzen dizkiet afariak. Ahal den artean, behintzat, jarraituko dugu. Gainera, horrelakoetan sukaldari lana bakarrik ez dut egiten, trikitixa ere jo behar izaten dut. Askotan nik ezer jakin gabe emazteari esaten diote trikitia eramateko.
Beraz, zure beste afizioetako bat musika da?
Bai, beste afizio askoren artean. Trikitixa bederatzi urte nituenetik jotzen dut. Anaiak trikiti bat zeukan etxean, eta bera beharrera joaten zenean hartu eta jo egiten nuen. Dakidan guztia etxean ikasi dut; lehenengo entzun, eta, gero gauza bera egiten ahalegintzen nintzen.
Axpeko elizako koruan ere bazabiltza.
Bai, hori ere egiten dugu. Elizara joan eta apur bat abestea ere bada gure afizioa. Talde bat sortu genuen, eta hainbat bidaia egin genituen herrietatik zehar. Abestea era asko gustatzen zait.
Gainera, artzain-makilak egiten dituzu.
Bai, horrek ere egiten ditut, eta, gero, txapelketetara joaten naiz. Gainera, azken urte hauetan hainbat sari lortu ditut: orain dela urte bi, Laudion (Araba), bigarren eta hirugarren sariak lortu nituen, eta orain dela urte bete lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak. Hilabete honetan ere beste txapelketa batean parte hartzeko asmoa daukat.
Egur mota bereziren bat erabiltzen duzu?
Bai, hurretxa da erabiltzen dudan egur bakarra, eta hori ere pintoa izan dadila. Hurretxak, era berean, dotorea izan behar du, arteza eta zarata onekoa. Kontuan hartu behar da egurra noiz moztu; normalean Gabon aurreko ilbeheran mozten ditut. Behin egurra moztutakoan, zuzendu eta sikatzen edukitzen ditut makilak. Lau edo bost hilabete egon behar izaten dute sikatzen, zarata ona atera dezaten.
Bukatzeko, azokaz azoka ibiltzen zara makilak saltzen?
Ez, normalean ez. Aurten joan naiz lehenengo aldiz Apatako feriara, eta datorren urtean ere joateko asmoa daukat. Baina, gainontzeko herrietara ez naiz joaten. Abadiñora San Blasetara joateko ere esan izan didate, baina ez zait gustatzen feriaz feria saltzen ibiltze hori. Normalean etxera etortzen zaizkidan artzainei saltzen dizkiet makilak. Eta beste asko ezagunei oparitzen dizkiet.