Gaur Anbotoko maldetan amaituko da kilometro bertikalen zirkuitua

Anboto 2013ko urr. 12a, 08:26

VI. Anboto Kilometro Bertikala gaur jokatuko da, 14:00etan, Arrazolan hasita. Iñigo Larizek eskura du aurtengo zirkuituaren garaipena gizonetan. Emakumeetan, Severine Duhalde da irabazteko faborito

VI. Anboto Kilometro Bertikala gaur jokatuko da, 14:00etan, Arrazolan hasita. Iñigo Larizek eskura du aurtengo zirkuituaren garaipena gizonetan. Emakumeetan, Severine Duhalde da irabazteko faborito.

 

Open Lafuma Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Zirkuituko hirugarren eta azken lasterketa Anbotoko maldetan lehiatuko dute bihar 170 parte hartzailek. Biharko saioaren faltan, Iñigo Lariz elgoibartarra (Mugarra Triatloi Eskolako arduraduna), eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra dira sailkapen orokorreko liderrak. Asuntze mendi taldeak antolatzen duen proban Madril, Segovia, Burgos eta Frantziako hainbat korrikalarik ere parte hartuko dute.

 

Lehenengo korrikalariak zapatuan, 14:00etan, irtengo dira Arrazolako (Atxondo) eliza paretik. Osatu beharreko bidea aurreko sei aldietako bera da. 3,8 kilometrotan 1.092 metroko desnibela gainditu beharko dute. Beste era batera esanda, Arrazola eta Anboto biderik laburrenetik lotuko dituzte parte hartzaileek.

 

Gizonetan Lariz tontorrera beste inor baino lehen heltzeko faboritoen artean dago, baina ez da hautagai bakarra. Orain arteko proba biak (Azpeitia eta Uharte Arakil-Beriaingoa) irabazi dituen Larizek, esaterako, Oier Ariznabarreta durangarra eta Mikel Beunza izango ditu aurkarien artean. Biharko proba irabazi barik ere sailkapen orokorraren jabe egiteko aukera handiak ditu elgoibartarrak, baina zirkuituko proba guztiak irabazten saiatuko da.

 

Emakumeetan dena airean

Emakumeetan, orain sailkapenneko aurreneko hiru tokietan daudene korrikalariek (Aitziber Ibarbia, Montserrat Vazquez eta Jone Urkizu) ez dute Anboto Kilometro Bertikalean parte hartuko. Beraz, Atxondoko probara etorriko direnen artean Severine Duhalde da lasterketa bera eta sailkapen nagusia irabazteko faborito nagusia. Hala ere, lehia irekita dago. Faboritoen beste helburuetako bat igoerako marka berria ezartzea izango da. Orain gizonetan zein emakumeetan dauden errekorrak 2011n ezarri zituzten Marco de Gasperik (37.14) eta Oihana Kortazarrek (47.10). Errekor berria lortzen duenak 500 euro jasoko ditu; gizon eta emakumeetan, bietan hobetzen bada, saria erdibanatu egingo dute.

 

DATUAK

  • Hasiera: 14:00etatik aurrera, Arrazolan (Atxondo). 
  • Igoera: 3,8 kilometrotan 1.092 metroko desnibela. 
  • Ibilbidea: Elexalde, Atxekoa, Zabaleta, Mahala eta Anboto.

IRABAZLEAK 

  • Iazko podiuma gizonetan:
    1. Aritz Egea: 40.21.
    2. Arkaitz Zamakona: 41.49.
    3. Oier Ariznabarreta: 41.49.
  • Iazko podiuma emakumeetan:
    1. Vanesa Ortega: 49.14.
    2. Aitziber Ibarbia: 50.42.
    3. Izaskun Zubizarreta: 51.04.
  • Errekorra gizonetan: Marco de Gasperi: 37.14.
  •  Errekorra emakumeetan: Oihana Kortazar: 47.10.

 

 


"Irabaztea dut helburu; 
podiumik ere sekula ez dut lortu Anboton"


\"\"Iñigo Lariz elgoibartarrak zirkuituko orain arteko proba biak irabazi ditu. Anboton ere bera da irabazteko faborito. Zirkuitua irabaztea eskura duen arren, ez da konformatzen. Lasterketa irabazi gura du.

 

Zer sasoi puntuan heldu zara VI. Anboto Kilometro Bertikalera?

Sasoi onean heldu naizela uste dut. Orain aste bi Canfranc-eko (Huesca) kilometro bertikala irabazi nuen. Anbotokoaren antzerako ezaugarriak ditu, eta prestaketa moduan parte hartu nuen. Joan zen asteburuan, aldiz, Araian jokatu zen kilometro bertikalean parte hartu nuen. Euskal Herriko txapelketa zegoen jokoan. Laugarren geratu nintzen Aritz Egea, Oier Ariznabarreta eta Ionut Zinkaren atzetik. Ondo aritu nintzen, baina lehen hirurak oso indartsu zeuden.

 

Bihar ez duzu lehenengo geratu beharrik zirkuitua irabazteko. Indarrak dosifikatzen saiatuko zara?

Egia da zirkuitua irabaztea nahiko eskura daukadala. Lehenengo ez geratuta ere aukerak ditut, baina biharko proba irabaztea dut helburu. Euskal Herrian egiten den kilometro bertikalik politena dela uste dut, eta oraindik, podiumik ere ez dut lortu Anboton. Beraz, irabaztera irtengo naiz. Gero, jakina, ikusi egin beharko da indarrek nola erantzuten duten eta arerioak nola datozen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!