Imanol Goñik eta Silvia Triguerosek irabazi zuten zapatuko Sorginen Lasterketa. Sari banaketa hasi aurretik megafoniaz jakinarazi zuten 50 urteko aretxabaletar bat hil zela lasterketan zebilela bihotzekoak jota. Podiuma bigarren plano batean geratu zen. Hildakoaren omenez minutu bateko isilune sentitua gorde zuten bertaratutako guztiek.
Anastasio Duran 50 urteko aretxabaletarra bihotzekoak jota hil zen Sorginen Lasterketan parte hartzen ari zela. Tope inguruan gertatu zen ezbeharra. Ondo-ondoan zegoen anbulantzia bateko sendagileak korrikalaria bere onera ekartzen saiatu ziren, baina alperrik. Osakidetzako helikoptero bat ere bertaratu zen, baina erreanimazioa ahaleginek ez zuten fruiturik eman. Lasterketa amaitu ostean Gurutze Gorriak ezbeharraren berri eman zien antolakuntzako kideei eta hauek berehala jakinarazi zuten jazoera penagarria megafoniaz. Bertaratu ziren zaleek eta korrikalariek minutu bateko isilunea gorde zuten hildakoaren omenez.
Lasterketa Imanol Goñik irabazi zuen (2.10.32) gizonetan eta Abadiñon bizi den Silvia Triguerosek (2.40.21) emakumeetan. Gizonen podiuma durangar bik osatu zuten: Oier Ariznabarretak (2.10.32) eta Ekaitz Kortazarrek (2.12.33). Emakumeen podiuma, aldiz, Ainhoa Lendinezek (2.50.33) eta Zutoia Odriozola atxondarrak (3.08.55) osatu zuten. Ariznabarreta lider joan zen lasterketako zati batean, baina Larranorako igoeran zuen dena eman ondoren, Goñik atzetik harrapatu zuen eta azken metroetan nagusitu egin zitzaion.