Gaur Sorginen Lasterketaren seigarren ekitaldia lehiatuko dute Atxondon.
Nobedade dezente ditu aurtengo Sorginen Lasterketak. Axpen beharrean, Apatan hasi eta amaituko da, eta ibilbidea moldatu egin dute. Horrez gainera, 17 urtera arteko gaztetxoei zuzendutako proba laburrak antolatu dituzte.
Lasterketa Apatan hasiko da gaur, 16:00etan. Hasiera eta helmuga Apatara tokialdatuta, hainbat helburu bete gura ditu Durangaldeko kirol taldeak. Batetik, orain arte, Sorginen Lasterketa Axpe eta Arrazolatik igarotzen zen, baina ez Apatatik. Horrela, aurten hiruretatik igaroko da, eta bide batez, Atxondo herriari egindako omenaldia ere bada, iaz, sortu zeneko 50. urteurrena izan zelako. Bestetik, lasterketa hasi eta berehala zegoen aldapa gogorra (3. kilometroan) geroago aurkituko dute korrikalariek. Ibilbideari dagokionez, 27 kilometro ditu, eta Zabalandira heldu arte ohiko bidea egingo dute parte hartzaileek: Apata, Marzana, Axpe, Larrano eta Anboto magala (Pol-Pol). Zabalandira heltzean, ohi moduan Topera jaitsi beharrean, aurrera jarraituko dute. Beraz, aurten ez dira Topetik Besaidera igoko. Zabalanditik Lurgorrira joango dira, eta handik Tellamendira (835 metroko garaiera), Besaidera heldu aurretik. Besaidetik Topera jaitsiko dira, eta handik zuzen joango dira Apatara.
Parte hartzaileei dagokienez, gizonetan Oier Ariznabarreta durangarra da irabazteko faborito. Iaz ere berak irabazi zuen. Emakumeetan Abadiñon bizi den Silvia Trigueros da irabazteko hautagai nagusia. Maila absolutuko aurreneko hirurek, herriko onenak, eta gazte mailako onenak garaikurra eta askotariko produktuez (probako kamiseta, sagardo botila, janaria…) beteriko poltsa jasoko dute. Horrez gainera, lasterketa bukatzen duten denen artean hainbat opari zozketatuko dituzte: hamar ardo botila, bost gazta, kirol jantziak… Axpeko plazatik igarotzen den aurrenekoak ere sari berezi bat jasoko du.
Gaztetxoen lasterketa
Aurten, gaztetxoei begirako lasterketak ere prestatu dituzte Apatako kaleetan zehar. Talde bitan banatuko dituzte: 11 urtera artekoak, eta 12tik 17ra artekoak. Lehenengoek 600 metroko zirkuituari itzuli bat emango diote; bigarrenek, itzuli bi. Parte hartzaile denentzako opariak egongo dira. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, 15:30etik 16:15era, Apatako plazan. Lasterketak 16:30ean hasiko dira.