Turismoen autokros txapelketak 52 parte-hartzaile batuko ditu Apatan

Anboto 2013ko uzt. 13a, 08:16

Gaur, 15:30etik aurrera, Markoidako landetan egokitutako zirkuituan lehiatuko dira turismoak

Gaur, 15:30etik aurrera, Markoidako landetan egokitutako zirkuituan lehiatuko dira turismoak.

 

Motor hotsa, turismoak lokatzetan derrapatzen, autoak zuzengunean parez pare bihurgunera nork arinago sartuko desafioka… Autokros zaleek hori eta gehiago gozatu ahal izango dute gaur, 15:30etik aurrera, hainbat herritarren ekimenez Atxondon antolatu duten autokros txapelketan.

 

Izaera herrikoia duen txapelketan 52 turismok parte hartuko dute. Iazko aldian, aldatu egin zuten lasterketa eredua (lur orotariko ibilgailuen abilezia probetatik turismoen lasterketetara pasatuta), eta aldaketagaz gustura geratu zirenez, aurten formatu horri eutsi diote. Gainera, zelanbait esanda, Gizaburuagan bertan behera geratu zen autokros probaren oinordekotza hartu zuten. Antolatzeko orduan ere, buruhauste gutxiago eragiten ditu lasterketa batek.

 

Apatan, Markoidako landetan prestatuko dute zirkuitua: “Iazko antzekoa da. Ibilbideak bihurgune asko ditu, eta gune batzuk lokaztu egingo ditugu uragaz bustita”, azaldu du Oier Olaetxea antolatzaileetako batek. Hala bada, abiaduraz gainera, trebezia ere beharrezko osagai izango du irabazi gura duenak.

 

Autokros proba federatu gabeko auto zaleei zuzenduta dago, eta turismo denek parte hartu dezakete, 4x4ko trakzioa dutenek izan ezik.

 

Lasterketa garatzeko sistema sailkapen fase bidezkoa izango da. Parte-hartzaileak seiko taldeetan banatuko dituzte, eta horietatik aurreneko biak pasatuko dira hurrengo fasera. Horrela finalera arte. Hasierako sailkapen probak bost itzulira izango dira; finalerdiak zortzira, eta finala hamar itzulira. Arratsalde osoan edariak erosteko taberna bat egokituko dute.

 

Sariak eta jai giroa

Sariei dagokienez, gutxi gorabehera iazko ereduarekin jarraituko dute: irabazleak txapela eta erreminta kaxa bat jasoko ditu; bigarrenak erreminta kaxa eta xanpaina, eta hirugarrenak 30 euro eta xanpaina

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!