Ofizioz irakaslea da Garazi Magunagoitia, eta afizioz... hamaika kontu; batukada irakaslea, artisaua, Txiri- Txirin dabil soinujole, Karrikan aktore... Granadara ikasten joan zenean sartu zen batukadaren munduan, eta handik bueltan, danborra jotzen jarraitu gura... Atxondoko eta Berrizko gaztetxeetan dabil tailerrak ematen.
Atxondoko batukadakoek Apatako txupinazoan jo zenuten. Zer moduz esperientzia?
Oso ondo. Ondo irten zen, eta jendea pozik. Asko etorri zitzaizkidan zorionak ematera. Hilabete bi bakarrik egin ditugu ikasten eta entseatzen, jaietan jotzeko pentsamenduagaz... Ea jaietan ikusi gaituztenak animatzen diren datorren ikasturterako!
Berrizen ere tailerra ematen zabiltza.
Berrizen, gainera, maiatzean jada kalera irten ginen, eta ondo irten zen. Azkenean, oso erritmo sinpleak dira, eta erraz ikasten da. Ni ere zerotik hasi nintzen Granadan, eta hasieran galduta ibili nintzen, sekula danborrik hartu barik, baina hartu nuen soltura.
Han asko mugitu zineten?
Bai, nik Andaluzia danborragatik ezagutu dut. Batukada handi bat dago, Sambiosis, eta Sambiosisek dauzka hiru proiektu: Yemanja nesken batukada, eta Sambiosisen bi ikuskizunak, kalekoa eta taula gainekoa. Yemanjan sartu nintzen lehenengo, eta gero, Samiosisen kaleko espektakuluan. Erritmo desberdinak dira; Yemanjarena samba-reggaea da gehiago, eta Sambiosisena afroa. Granadako nire familia ziren bai hango etxekoak, bai batukadakoak.
Trikitia ere eroan zenuen Granadara.
Bai. Lehenengo urtean eduki nuen dirua aurreztuta, eta ondo, baina bigarrenerako ia amaitu ziren denak, eta ez nuen beharrik topatzen... Bartzelonako lagun batek esan zidan biok zerbait egin behar genuela. Beste bi lagunekin ere entseguak egin genituen. Azkenean bi geratu ginen, biok irteten ginen, eta ederto! Kalean, txotxongiloekin ibiltzen zen tipo bat ezagutu genuen, eta esan zigun gure musika polita iruditzen zitzaiola txotxongiloetarako, eta ikuskizun bat prestatu genuen elkarrekin. Granadan ikasi dudana da kaleak itzelezko jokoa ematen duela.
Granadatik bueltan, zure saltsan jarraitu duzu.
Granadan, azken urtean batez ere, oso sartuta egon nintzen batukadan, eta hona etortzean a zelako gogoa! Abstinentzia sindromea? Hori neukan nik. Durangon bazegoela esan zidaten, eta han hasi nintzen. Gero Berrizkoek eta Apatakoek esan zidaten ea batukada egingo genuen gaztetxean, eta ni pozik.
Engantxatu egiten du, ezta?
Droga baten modukoa da. Gainera, tentsio piloa askatzen duzu. Granadako tailerra domeketan izaten zen. Ni desiatzen egoten nintzen domeka heltzeko, danborkada batzuk eman, eta hantxe joaten ziren aste osoko estres guztiak. Erabateko terapia zen. Tailerretan geroago eta solteago ikusten zarenean, disfrutatu egiten duzu, orduan da ona. Hasieran esaten zidaten, “muevete chiquilla”. Kontzentratuta egoten nintzen, dantza egin edo jo bai, baina biak batera... Instrumentua dominatzen duzunean eta mugitu ahal zarenean, orduan oso polita da eta gehiago gura duzu. Uste dut musika tresna guztiekin gertatzen dela hori.
Artisau lanak egiten dituzu...
Bai, Granadan postutxo bategaz irtetzen nintzen. Hemen, pisukideak eta biok tailertxo bat atondu dugu etxean; berak telazko gauzak egiten ditu, eta nik alanbrezkoak. Oporretan horrela joateko asmoa daukagu; hartu mahaia eta hondartzarik hondartza. Andaluziara, eguzki bila.
Orain batukadetan oporrak hartuko dituzue?
Bai, laster bai. Gaur Berrizko eta Atxondoko taldeak batera ibiliko gara Zaldibarko jaietan. 19:00etan hasiko gara joten. Arrazolako jaietan ere egongo da batukada? Ni bertan egongo naiz. Jendea badago, berdin da bi, hiru, lau... egin genezake!