"Ihesaldiak hartzeko askatasun apur bat badudala esan didate"

Anboto 2013ko eka. 29a, 08:16

Cofidis taldeko txirrindulari atxondarrak bere lehenengo Frantziako Tourra lehiatuko du Bere ibilbideko lehenengo Frantziako Tourraren atarian dago Egoitz Garcia (Cofidis). Navarro eta Taaramae taldeko liderrei laguntzea da bere zeregina, baina aukera duenetan, ihesaldiak hartzen ere saiatuko dela adierazi du

Cofidis taldeko txirrindulari atxondarrak bere lehenengo Frantziako Tourra lehiatuko du
Bere ibilbideko lehenengo Frantziako Tourraren atarian dago Egoitz Garcia (Cofidis). Navarro eta Taaramae taldeko liderrei laguntzea da bere zeregina, baina aukera duenetan, ihesaldiak hartzen ere saiatuko dela adierazi du.

 

Noiz konfirmatu zizuten Frantziako Tourrera joateko hautatuen artean zeundela?

Joan zen asteko eguenean. Banekien aurrehautatuen artean nengoela, baina erabateko konfirmazioa eguenean eman zidan taldeak.

 

Oso denboraldi ona egiten ari zara. Esperantzarik izango zenuen, ezta?

Taldeko managerrak hasieratik esan zidan Tourreko taldean gura ninduela. Baina harrezkero, eroriko batzuk izan ditut, eta horregatik azken unera arte zalantzak izan dituzte: guztiz errekuperatuta ote negoen, zein zen nire sasoi fisikoa… Luxenburgoko Itzulia lehiatu nuen orain gutxi, maila onean ibili nintzen, eta taldeak hautatuen artean ni ere sartzea erabaki du.

 

Zure lehen Tourra izango da.

Bai. Apur bat urduri nago. Lehenengo Tourra dut, eta errespetua diot. Talde denak euren bederatzi txirrindulari indartsuenekin joango dira, eta tentsioa egongo da, seguru.

 

Tourretik zer da errespeturik handiena eragiten dizuna?

Beharbada abiadura. Ohituta gaude kilometroak pilatzera, iaz Espainiako Itzulian ere parte hartu nuen, baina Tourreko erritmoa oso bizia izaten da. Denek aurrean joatea nahi izaten dute, eta erorikoak izaten dira. Adi ibili beharra dago.

 

Zein izango da zure zeregina? Taldeak zer eskatzen dizu?

Sailkapen nagusiari begira, Dani Navarro eta Rein Taaramae ditugu. Esperientziadun txirrindulariak dira. Euren ondoan egoten saiatuko naiz. Behar dutenean laguntza eskaintzea, tropelean ondo kokatu behar dutenean, esaterako.

 

Taldelanagaz gainera, zeuretzako aukerak sortzen ere saiatuko zara?

Hiru-lau etapek aproposak ematen dute ihesaldiak sortu eta helmugaraino heltzeko. Ihesaldiak hartzeko askatasun apur bat izango dudala esan dit taldeak, eta egun horietan saiatu egingo naiz. Etapa horiek apur bat gorabeheratsuak dira, kota batzuekin, eta horietan saiatuko naiz.

Cofidis taldea bera zer helburugaz doa?

Sailkapen on bat lortzea dugu helburu. Taaramae txirrindulari gaztea da, eta Tour ona egindakoa. Taldeak asko espero du berarengandik. Navarro ere egundoko denboraldia egiten ari da; Dauphine Liberen Alberto Contadorren aurretik geratzea lortu zuen, eta sasoi onean dago.

 

Aipatu izan duzu zure etorkizuna klasiketan ikusten duzula.

Bai, gehienbat klasiketan. Beti gustatu izan zaizkit. Iaz hasi nintzen klasiketan parte hartzen, eta apurka-apurka esperientzia hartzen saiatu naiz. Lasterketaren batean aurrean eta onenen artean ibiltzea ere lortu dut eta, bai, batez ere, klasiketan ikusten dut nire etorkizuna.

 

Aurten hainbat klasiketan parte hartu duzu. Zer balorazio egiten duzu?

Ona. Klasiketan parte hartzen joan ahala, ikasi egiten duzu. Izan ere, mota horretako lasterketetan aurrean egoteko alderdi asko hartu behar dira kontuan.

 

Iaz lehenengoz irabazi zenuen profesionaletako lasterketa bat. Aurten gutxienez lasterketa bat irabazteko behar hori sentitzen duzu?

Beti nahi izaten da irabaztea, baina kontuan hartu behar da lasterketa bakoitzean ia 200 txirrindulari ibiltzen direla, eta bakarrak irabazten duela. Denboraldia aurrera joan ahala garaipenik lortu ezean, urduritasuna handitzen doa. Baina alderdi horretatik lasai nago.

 

Bigarren denboraldia duzu Cofidisen. Zelan sentitzen zara?

Ondo egokitu naiz. Taldea ere gustura dago nigaz. Nire dohainak kontuan hartuta, Frantzia inguruko lasterketak niretzako egokiagoak direla uste dut Espainiakoak baino. Kontratua eskaini zidatenean, ez nuen asko pentsatu behar izan sinatzeko.

 

Samuel Sanchez ez joatera, Euskaltel-Euskadik zer maila eskaini dezakeela uste duzu?

Ez dakit zer sasoita helduko den Igor Anton Tourrera. Beharbada, ez da beretzako itzulirik aproposena; gehiago ikusten dut Italiako Giroan eta Espainiako Itzulian. Hala eta guztiz ere, maila handiko txirrindularia da. Gorka eta Ion Eizagirre ere beti hor egoten dira, ihesaldien ehizan eta etapa bila. Batak zein besteak etapa bat irabazteko dohainak dituztela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!