"Txistuak bizitasun handia ematen dit; hau uztea, azkena"

Anboto 2013ko mar. 16a, 08:18

Ez zuen halakorik eskatu, baina errege-egun batean gurasoek txistua eta danbolina oparitu zizkioten, eta horrela, ia konturatu barik txistulari bihurtzen hasi zen Arantza Berriozabalgoitia. Domekan Atxondon izango den Txistulari Eguneko partiturak mahai gainean dituela erantzun ditu galderak

Ez zuen halakorik eskatu, baina errege-egun batean gurasoek txistua eta danbolina oparitu zizkioten, eta horrela, ia konturatu barik txistulari bihurtzen hasi zen Arantza Berriozabalgoitia. Domekan Atxondon izango den Txistulari Eguneko partiturak mahai gainean dituela erantzun ditu galderak.

 

Txistulari eguna zuentzako oso egun berezia izango da...

Txistularientzako San Jose eguna oso berezia da, Santa Zezilia baino handiagoa. Orduan ere elkartzen gara, eta gustura ospatzen dugu, baina Txistulari Eguna asko sentitzen dugula uste dut. Txistulariren batek, beharbada, ez du urte guztian asko joko, baina haiek ere esaten dute San Jose egunean etorriko direla. Konpromisoak egoten dira, tartean umeak eta beste, baina egun horretan, gauza seriorik tartean ez bada, parte hartzea eta bazkaltzea gura izaten dugu.

 

Noiztik zara zu txistularia?

Badakizu inoiz ez diodala galdera hori nire buruari egin? Ez dakit noiz hasi nintzen... Gazte! Hamalau-hamahiru urte? Agian bai, EGBn nengoen, eta orduan pirak egiten nituen txistutik...

 

Bai, e?

Gogoratzen naiz bai... Lehenengo ikasketak Elorrion hartu nituen, Itziar Eguren eta Mila Arruabarrenagaz. Nire lehenengo irakasleak izan ziren. Gero, Apatara etortzen zen Alejandro Aldekoa Berrizko txistularia. Herrian txistulariak mantentzeko ekarri zuen udalak. Alejandro erromeria guztietara joaten zen, eta oso famatua zen. Harekin mordo bat ikasi nuen: danbolina jotzen, eztarriko kolpeak... Gero perfekzionatu, kontserbatorioan.

 

Kontserbatoriora animatu bazinen, zeozelan harrapatu zintuen txistuak orduan..\"\"

. Ni txistua jotzen modurik tontoenean hasi nintzen. Errege-egun batean, gurasoek txistua eta danbolina oparitu zizkidaten. Nik ez nuen eskatu, e? Eta esan nuen, jo egingo dut. Gogoratzen dut ahizpari gitarra bat ekarri ziotela, eta gitarra, ezer ikasi barik, hantxe usteldu zen. Solfeoa ikasi nuen lehenengo, eta gero txistua ikasten hasi nintzen eta gustua hartu nion. Kontserbatorioan erdi mailako gradua egin nuen, sei urtez. Irakaspen guztien oso oroitzapen ona daukat.

 

Atxondon txistu eskolak ere ematen dituzu orain.

Bederatzi urteko neska bi dabiltza orain ikasten, eta pozgarria da herrian harrobia edukitzea. Iaz herriko jaietan eta umeen euskal jaian jo zuten, eta oso polita izan zen jendea eurei animatzen ikustea. Atxondon auzune guztiek daukate euren patroia, eta egun horietan bertan egoten ahalegintzen naiz. Arrazolako jaietan gutxitan egon naiz, opor egunak izaten ditudalako, eta gehienetan kanpoan harrapatzen nau, baina bestela, beste auzoetako jaietan data hartuta daukat herrian egoteko.

 

Dantzariekin ala txistu kontzertuan zaude gusturago?

Gehien gustatzen zaidana da kontzertuetan taldeko beste baten moduan jotzea. Dantzariekin desberdina da, eta hori ere gustatzen zait. Parte garrantzitsu bat zarela sentitzen duzu, dantzariek dantza egiteko txistularia behar dutela. Txistulari asko bageunde, ez nuke berdin pentsatuko, baina bai, halako ardura bat sentitzen dut.

 

Kontzertuetan bakarlari ere izaten zara, batzuetan.

Oso urduri ipintzen naiz, beldur eszenikoa daukat. Ahal badut saihestu egiten dut. Lehen abesti asko bariazioekin egoten ziren, eta bakarlariak asko jotzen zuen. Kendu egin dira horrelako abesti asko, eta ni pozik.

 

Durangaldeko txistularien taldea Jaizale deitzen da. Txistuaren aitzakian, parranda asko egin duzue?

Bai, bai! Izena oso aproposa dauka taldeak. Sokarekin eroan behar gaituzte etxera. Bonbardaketa batera apuntatzen gara, eta oso feeling handia daukagu gure artean.

 

Txistuagatik ez balitz...

Ama izan nintzenean, pixka bat utzita eduki nuen, eta asko pozten naiz berriro hartu izanaz. Bizitzaren beste zati bat da. Asko bete nau, bizitasun handia ematen dit txistuak. Hau uztea, azkena. Osasunagatik edo arazo potolo batengatik ez bada, ez dut txistua utziko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!