Alex Txikon, Koldo Zubimendi eta Iker Iriondo mendizaleek hitzaldiak eskainiko dituzte.
* Hitzaldiak eta batzarra |
Atxondoko Asuntze mendi taldeak Mendi Astea antolatu du datorren asterako, eta berbaldiak eta mendi irteera bat prestatu dituzte, besteak beste. Martitzenean, Alex Txikon mendizale lemoarrak berriro bisitatuko du Durangaldea. Joan zen astean Elorrion egon ostean, mendizale ezagun eta emankorraren abenturak entzuteko bigarren aukera eskainiko dute Atxondon. Oraingo honetan, Himalayara egindako espedizioak izango ditu berbagai.
Eguaztenean, Iker Iriondo andoaindarrak eta Koldo Zubimendi erandioarrak 2006an Broad Peak-era egindako espedizioko kontuak gogoratuko dituzte. Bizkaitarrak zortzimilako mendi tontorra (8.047) zapaltzea lortu zuen. Gipuzkoarra gailurretik metro gutxira geratu zen.
Barikuan, urteko batzar orokorra egingo du Asuntzek. Luntxa egongo da bertaratzen direnentzat. Abenduaren 1ean, mendi irteera egingo dute Andasto eta Tellamendi tontorretara, Topetik irtenda.