Arrazola, Axpe eta Apatan ekitaldiak egingo dituzte bihar, 1962an hirurek bat egin zutela gogoratzeko.
Arrazolak, Axpek eta Apatak bat egin eta Atxondo udalerria sortu zutela 50. urte bete dira, azaroaren 4an. Zapatuan urrats esanguratsu hori gogoratzeko ekitaldiak egingo dituzte hiru auzoetan.
Hiru auzoek herri izaera eta antolamendua zuten sasoian udaletxeak izandako eraikinetan urteurrena gogoratzen duen plaka bana ipiniko dute udal ordezkariek. Herritar denei dei egin diete tokian tokiko ekitaldietara bertaratu eta urteurrena elkarrekin gogoratzeko. Arrazolan batuko dira lehenengo, bihar, 11:00etan. Orain etxebizitza sozialak dauden eraikina da sasoi bateko udaletxea. Plaka ipini ondoren, Andasto dantza taldeak saioa eskainiko du. Axpen, 12:00etan ipini dute hitzordua. Frontoi ondoko eraikina da udaletxe zaharra, eta bertan ezarriko dute plaka. Ondoren, Gorka Ostolaza bertsolari markinarrak bertso batzuk kantatuko ditu urteurrenaren inguruan. Azkenik, 13:00etan, Apatan batuko dira gaur egun udaletxea dagoen eraikinean.
Trikitilarien musikak girotuko du plaka jartzeko unea. Horrekin batera, ohitura zahar bat berreskuratuko dute. Sasoi batean, aginte makila eskuz aldatuz islatzen zuten alkate batetik bestera gertatzen zen botere aldaketa. Apatan zeremonia hori gogoratu bakarrik ez, berreskuratu egingo dute, aurrerantzean alkatea aldatzen den bakoitzean errepikatzeko helburuagaz.
“Komenigarria zen fusioa ”
Gerediaga elkartearen Astola aldizkariko erreportajean jasotzen denez, 1962an Apatamonasterioko alkatea zen Claudio Urizarrek jarri zuen martxan fusioa. Hiru herriek banan baliabide ekonomiko urriak zituztela-eta, bat egitea proposatu zuen.
Fusio hori bideratzeko batzorde bat eratu zuten hiru herritako ordezkariekin, eta bertako kidea izan zen Victor Baseta (87 urte, Axpe, Elixaburu baserria). Baseta zinegotzia zen Axpen, eta Atxondon ere zinegotzi kargua izan zuen lehenengo legegintzaldian: “Ez geneukan ia industriarik. Diru sarrerak behera zihoazen eta gastuak gora. Ordezkariok nork bere herriko nortasuna eta interesak defendatzen genituen batzordean, baina ez dut gogoan eztabaida handirik sortu zenik. Fusioa komenigarri ikusten genuela gogoratzen dut”, azaldu du.
Hasieran, herritar batzuek fusioa erreparoekin ikusten zutela dio: “Batez ere edadeko pertsonek, bizi osoa hantxe zeramatenek, hirurak bat egitea agintea beste batzuen esku uztea zela zioten. Baina hasiera-hasieran izan zen. Gerora, bateratzea denon onerako zela ulertu zutela uste dut”. Izan ere, salbuespenak salbuespen, hiru herrietako bizilagunek hartu-eman ona zutela gogoratzen du Basetak: “Esaterako, gogoan dut Asentzio egunean eta errogatiba egunetan Arrazolara joaten ginela meza entzutera, eta eurak ere Axpera etortzen ziren. Hartu-eman ona geneukan”. Bihar, Axpeko ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko asmoa du Basetak.