Lehenengoz ez dute inor gonbidatu gastuak ordainduta, eta profesional asko ez datoz; hala ere, 200 parte-hartzaile ariko dira.
Zapatuan Anbotoko malda gogorretan gora ibiliko dira 200 parte-hartzaile, Anboto Kilometro Bertikaleko seigarren edizioan. Aurten Atxondoko Udalak hartu du proba antolatzeko ardura eta, aurreko aldietan entzun eta jasotako iritziak kontuan hartuta, probari izaera berri bat eman diote. Joan-etorriak, egonaldiak eta abar ordainduz profesional onenei bidaltzen zizkieten gonbidapenik ez dute bidali aurtengoan. Ondorioz, askok ez etortzea erabaki dute. Esaterako, iaz gizonetan nagusitu zen Marco de Gasperi ez da etorriko. Ezta iaz lehenengo sei tokietan geratu ziren beste hainbat ere.
Aurtengo aldia herrikoiagoa izango da, ez hain profesionalei begirakoa. Hala ere, maila handiko proba izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira 200 bat lagunek eman dute izena, Frantziakoak eta Txekiar Errepublikakoak tartean. Euskaldunen artean ere hainbat nabarmendu daitezke. Esaterako, iaz zazpigarren amaitu zuen Oier Ariznabarreta faboritoen artean dago. Orain aste bi Sorginen Lasterketa irabazi zuen durangarrak. Gainera, biharkoa Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Openeko azken proba izango da eta opena irabazteko hautagaiak etorriko dira.
Aurtengo beste nobedade bat da parte-hartzaileak igo diren toki beretik jaitsiko direla bueltan, eta ez Zabalaunditik. Horrela, atzetik datozenak ikusteko eta animatzeko modua izango dute korrikalariek.