Sorginen Lasterketako bosgarren aldia jokatuko dute domekan, Atxondon.
Atxondoko lurretan eta Urkiolako Parke Naturalean zehar ibiliko dira domekan, Sorginen Lasterketako bosgarren aldiko parte-hartzaileak.
Gizonen artean, Oier Ariznabarreta durangarra irabazteko faboritoen artean dago. Gaur egun, Ariznabarreta kilometro bertikalen Euskadiko txapelduna da. Gainera, sasoi puntu onean dago, irail hasieran Lezamako VII. Mendi Lasterketa irabazita erakutsi zuen moduan.
Emakumeen artean iaz Maite Maiorak irabazi zuen, eta mendaroarra txapela berritzen saiatuko da. Aurten mendiko lasterketen kopako azkenengo proba gogorrean (Kantabria, Espainia) laugarren izan zen.
Ibilbide bi prestatu dituzte
Atleta Beteranoen Euskal Elkarteak antolatu du Sorginen Lasterketa, Atxondoko Udalaren laguntzagaz. Lasterketa domekan, 09:30ean, hasiko da Axpeko San Juan plazan. Ibilbide bi prestatu dituzte. 25 kilometroko ibilbide luzean 1.400 metroko desnibel positiboari aurre egingo diote parte-hartzaileek. Olarreta, Larrano, Pol-Pol, Arrazola, Besaide eta San Roketik ibiliko dira, Axpeko plazan helmugaratu aurretik. Ibilbide laburra 15 kilometrokoa da eta Arrazolako Topen amaituko da.