Lehenengo igeri-saioak Atxondoko igerilekuetan eman zituen Mikel Urresti atxondoarrak. Hirugarren uda hasi du bertan sorosle beharretan. Ugertokiak zabaldu berri, eguraldi oneko egunak gutxi izan badira ere umeak aztoratuta dabilzala somatzen du. “Abuztutik aurrera apur bat sosegatu egiten dira”. Atxondon igerilekuak edukitzea zorte handia dela dio.
Lan handiko egunak edukitzen dituzu?
Egun ona egiten duenean gehien, baina nahiz eta jende asko egon, ez da susto handirik egoten. Zorionez, ito eta holakorik ez. Gehienak kolpeak eta zauriak izaten dira. Uda denez, udan denok basatiago ibiltzen gara, emozionatu egiten gara pilo bat eta kolpeak eta zauriak... Orain ezin da kristalik ez portzelanarik sartu. Lehenago, jendeak kristalezko edalontziak eroaten zituen barrura, eta batzuetan ahaztu, bestetan jausi, zauriak egoten ziren.
Umeekin borroka asko edukitzen duzu?
Bai. Apirila, maiatza eta ekaina klaseak amaitzeko gogoagaz ematen dute, eta ekaina amaieran... Esajeratua da, esajeratua. Gero abuztutik aurrera igarri egiten da: nahikoa eduki dute igerilekuan, kanpora joan dira, apur bat sosegatu dira... Esan liteke gainera apur bat aspertu egin direla... Euforia puntu hori ia ez da egoten. Orain, egon ahal zara hamar aldiz gauza bat esaten, eta ez dizute kasurik egingo: “Bai bai bai”, eta gero berdina, “bai bai bai”, eta berdin. Holakoak dira. Batzuetan polizia lana egin behar izaten dugu.
Eguraldi txarreko egun asko egoten dira Euskal Herriko udan. Orduan zer, aspertu?
Hau ez da Mediterranioa, ez. Egia esan, daukagun lan taldeagaz oso gustura nago. Konfidantza daukagu, eta nahiz eta eguraldi txarra egon goiza behintzat aprobetxatzen dugu belarra mozteko, ureztatzeko, igerilekuak kanpotik eta barrutik garbitzeko, mantenimendu lanetarako...
Ura irteten zitzaiela eta arazoak eduki dituzue.
Igerilekuak zaharrak dira. Nik hemen ikasi nuen igerian, eta atzeragotik ere zabalik zeuden... Ura irten egiten zen, eta orain konponduta dago dena. Udalekoek esan digute konponketa polita egin dutela eta igartzen da. Mantenimendu lanetan ibiltzen gara gu ere bai, eta ikusten da ondo dagoela. Aurten apur bat berandu zabaldu da, baina merezita, nik uste. Uda osorako bermea daukagula uste dut.
Bertan lan egiteko atxondoarra izateak abantailak izango ditu.
Ia-ia igerileku osoa ezagutzen dut. Izenak ere gehienak badakizkit, orduan konfidantza dago. Abantaila bai, baina batzuetan gogor egin behar izaten dut. Bestela harrotu egiten dira eta ez didate kasurik egiten.
Pasadizo bitxirik izango zenuen hiru urte hauetan.
Bitxia edo, \'putada\' esan ahal da? Botilak apurtuta inoiz igerileku barruan uretan topatu ditugu, eta goiz osoa igerilekua garbitzen ibili behar.
Apatan igerilekurik ez bazen egongo...
Jendeak esan dezake luxu bat dela guretzat, baina Apatan igerilekurik ez badago, udan ez dago ezer. Beroagaz jendea hondartzara joaten da, eta urrin dago, gastua da, umeak haraino eroan eta aparkatu behar duzu... Ez dira berriak, baina jendeak asko eskertzen du igerilekua dagoen lekuan egotea. Herri handietan baino lasaiago ibili zaitezke. Gurasoek-eta esan didate umeak kontrolpean ikusten dituztela, lasai daudela; ez daudela ehun mila buru eta ezin jakin zein den zure semea. Jendea etortzen da, baina neurrian. Pasada bat da hau edukitzea. Bidegorria badaukagu, baina hori kanpokoek eta hemengoek ere urte osoan erabiltzen dute. Igerilekua ez da bakarrik ura, zeozer gehiago da; ahalegintzen gara jendearekin hartueman estua edukitzen.
Tabernak giroa sortzen du.
Bai. Aurten oso pozik nago, ezagutzen ditut tabernakoak eta langileak dira. Promoziorako bideoa ere egin dute, eta oso ondo dago; bertara etortzeko gogoa ematen du! Bezeroa gustura egoteko lan handia egiten dute. Janaria oso gozoa egiten dute eta traturako ere oso jatorrak dira.
Ghetto eta Ghertzainak taldeko kidea zara. Uda kontzertuz beteta dator?
Taldekide bat kanpotik da eta irailera arte ez dugu Gherttzainaken kontzerturik. Ordurako zeozer lotuta daukagu, eta urrian nire anaia datorrenean, Ghettogaz jarraituko dugu. Disko bat grabatzea pentsatzen gabiltza.