Turismoen autokros txapelketa jokatuko dute gaur Atxondon

Anboto 2012ko uzt. 14a, 08:30

Aurten lur orotarako ibilgailuak beharrean turismoak ibiliko dira Markoidako landetan

Aurten lur orotarako ibilgailuak beharrean turismoak ibiliko dira Markoidako landetan.

 

Apatako jaien barruan, autokros txapelketa antolatu dute gaurko, 15:30ean, Markoidako landetan. Iaz arte, lur orotarako ibilgailuak izaten ziren protagonista. Aurten, turismoen inguruko txapelketa antolatu dute arrazoi bigatik: antolatzeko errazagoa delako eta Gizaburuagan urte askoan antolatu den autokrosa bertan behera geratu daitekeenez, haren oinordetza hartzeko.

 

Autokros txapelketa federatu gabeko auto zaleei zuzenduta dago eta turismo denek parte hartu ahal dute, 4X4ko trakzioa dutenek izan ezik. Iaz arte hainbat tarte antolatzen zituzten eta batez ere abilezia saritzen zuten. Aurten zirkuitu bat diseinatu eta lasterketa eran planteatu dute txapelketa. Turismoak helmugara nor arinago heldu neurtuko dira zirkuituan, txandaka. Lehenengo hiruren artean sariak banatuko dituzte, baina helburu nagusia “denon artean ikuskizun polita eskaintzea eta auto zaleen bilgune bihurtzea da”, Beñat Amiano ekimeneko antolatzaileetako baten esanetan.

 

Zirkuitu azkarra eta laua prestatu dute. “Hasierako tarte zuzena nahiko luzea da eta irteeran borroka polita egon daiteke lehenengo bihurgunera ahalik eta aurreren heltzeko”. Abiaduraz gainera, trebezia ere beharko dute gidariek: txikanak, ‘S’ formako bihurguneak, urkila erako bihurgune itxiak… Denetarik izango du ibilbideak.

 

Oraingoz, 40 bat gidarik eman dute izena eta lasterketa hasi aurretxora arte zabalik egongo da epea. Markoidako landetan bertan inskribatu ahalko da. Parte hartu ahal izateko segurtasun neurriak bete behar dira: gidariek kaskoa eta gerrikoa ipinita gidatu beharko dute eta turismoek gidariaren aldeko atea ere izan beharko dute.
Ekimenari jai giroa emateko, arratsalde osoan musika ipiniko dute eta edariak hartzeko barra bat egongo da. 

 


"Helburu nagusia ondo pasatzea da,
 irabazteak ez dit ardura"

 \"\"

Aritz Arretxe
Atxondarra, 30 urte

 

Lasterketarako prest?

Prest. Betidanik gustatu izan zait autoen mundua eta horrelako ekimenak eskertzekoak dira. Dena dela, nire helburu nagusia ondo pasatzea da, irabazteak ez dit ardura.

 

Ibilbideak azkartasuna eta trebezia, bietatik eskatzen du.

Ibilbide arina da. Gizaburuagako autokrosean lehenengo martxa biak erabiltzen dira batez ere. Apatan hirugarren martxa erraz erabiliko dugu.

 

Zein turismogaz parte hartuko duzu?

Ford Escort XR3 bategaz ibiliko naiz. Iaz Gizaburuagan auto berbera erabili nuen eta kolpe batzuk hartu zituen, baina motorra ondo dabil eta prest dago Apatarako.

 

Autoak prestatzeak inbertsio handia eskatzen du?

Ez hainbeste: barrua hustu pisua arintzeko, gurpil onak ipini eta aurrera, autoak eusten dion arte. Zaletasuna izanez gero, denen eskura dagoen zerbait da.

 

Proba askotan aritzen zara?

Zoritxarrez ez dago aukera handirik. Aurten Gizaburuagakoa ez dutela egingo dirudi. Pena da, horrelako gehiago antolatu beharko lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!