Denda barrura sartu eta armairuak hutsik ikusita, tristura eragiten die, etxe kuttuna utziko duenari legez. Ateko oharrak erretiratu direla esan arren, ez dira urrun joango. Lotura indartsua da, eta momentu onak gogoratuz alaitu dira. Hariari tiraka, atzokoa, gaurkoa eta biharkoa josi dituzte solasaldian.
Atzera egin eta gogoratu arropa dendaren hasierako sasoi hura.
Kontxi Isasi: Orain dela 27 urte hasi ginen, mostradore ostean sekula egon barik. Nahiz eta orduan ume txikiak eduki, biok ilusioa geneukan eta horrela hasi ginen. 27 urte egin ditugu poz-pozik. Ondo hasi eta ondo amaitu dugu.
Ahizpak izatea, abantaila izango da lanerako.
Rosi Isasi: Pentsatzen dut dena izan dela onerako. Beti oso ondo konpondu izan gara elkarrekin. Batak besteari laguntzeko prest. Sekula ez dugu eduki arazorik.
Zer saltzen zenuten?
K. I.: Gehienbat umeen arropa. Baina baita osagarriak, nagusien arropa, 60ko neurrirako barruko arropa... Herri txikia da, baina zelan beste dendarik ez dagoen, dena saltzen izan da ondo. Ez duguna eduki ere, zapatak-eta, askotan eskatu digute. Baina nahikoa behar eduki dugu dendakoagaz eta ez dugu gura izan gehiagogaz sartu.
Kanpotik ere etortzen izan ei da jendea zuen dendara.
R. I.: Asko. Atxondokoekin ere pozik gaude, baina kanpoko jendeagaz oraindino eta behar gehiago egin izan dugu. Zorte handia eduki dugu dendagaz.
Ume ugari pasako zen zuen dendatik. Horiek hazten ere ikusiko zenituzten, ezta?
K.I.: Zabaldu genuenean, gurasoak euren umeekin etortzen hasi ziren. Orain, 27 urte pasata, ume haiek euren umeekin etortzen izan dira. Horrek betetasun bat ematen dizu... Oso gauza polita da hori.
Dendak lagun eta ezagunen bilgune ere badira sarritan.
K.I.: Guk esaten dugu, mostradore ostean psikologia asko ikasten dela. Jendea erosten etorri izan da, duda barik. Baina batzuk, apur bat euren bizimodua kontatzen ere bai. Zuk bera lasaitu guran-edo.
Oharra ipini duzue atean. ‘Oroitzapen oso onak daramatzagu’ .
R.I.: Gehienak oso onak izan dira. Sorpresa hartu dugu itxi egin behar dugula esan eta gero. Bezero batzuek gutunak idatzi edota opariak egin dizkigute. Espero ez genuen jendeak ere eman dizkigu eskerrak.
K.I.: Guk transmititu dugu, baina bezeroek ere bai. Oso gustura egin dugu beharra; lan polita izan da. Bezero onak eduki ditugu, benetan baietz. Urte askotakoak.
Zuek jositako arroparik saldu duzue?
R.I.: Lehenengotan bai. Puntozko txaketaren batzuk-eta egin genituen. Gero ez, ez dugu denborarik eduki-eta.
K.I.: Konponketak bai egin izan ditugu. Nahiz eta askotan denda itxi eta etxean gauez egin behar izan. Igoal hori izan da bezeroak gugaz jarraitzeko modu bat.
Zer asmo daukazue orain? Zer afizio daukazue?
K.I.: Gizonak ere jubilatu zaizkigu, eta bizimoduaz apur bat disfrutatzea.
R.I.: Bioi asko gustatzen zaigu irakurtzea. Lehen ez genuen denborarik ateratzen.
Irakurleei esatekorik?
K.I.: Eskerrak ematea bezero guztiei hainbeste urtetan lagundu gaituztelako.
R.I.: Esan, baita ere, irailean berriro zabalduko dela denda. Gu ez gara egongo, baina seguru ondo hartuko dituztela.