Zapatu gauean apurtu zituzten elizaren eta eskolaren arteko parkean dauden bost kale argi. Zutoinak bakarrik utzi dituzte.
Udal ordezkariek argitu dutenez kontsumo baxuko kale argiak ziren, oraintsu ipinitakoak. Aseguruagaz berba egin dute eta oraindik ez dakite kale argi berriak ipintzearen kostua zein izango den. “Erasoaren helburua ez zen izan ezer lapurtzea, bonbilak edo bestelakorik, baizik kale argiak apurtzea”, dio Juanjo Nora alkateordeak.
Azken hileetan, ordea, batez ere irailetik hona, ezezagunek 15 bat estolda ostu dituzte herrian. Horrez gainera, bide gorrian 25 bat metroko hesia ere ostu zuten eta azken hileetan herriko txabola bitan lapurtzera sartu dira. Estolda berriak ipintzearen kostu zehatza zein den ez dute kalkulatu, baina garestienak 200 edo 300 eurotan dabiltza. Herriko edozein txokotan dela ere estolda bat falta bada udaletxean abisua emateko eskatu dute, “oinezkoentzako zein bizikletan dabiltzanentzako oso arriskutsua izan daitekeelako”.