Mikel Bereinkua iurretarrak 5-18 galdu zuen, Ibarrondoren kontra, finalerdietako lehian.
Finalaren atarian amaitu da Mikel Bereinkuaren Cafes Baqué Txapelketako aurtengo abentura. Eguaztenean Apatako pilotalekuan jokatutako finalerdietan, 5-18 galdu zuen Arrankudiagako Ibarrondoren kontra.
Iaz, kadeteetako lehen urtea zuela, txapelketa bikaina osatu zuen Bereinkuak, eta final-laurdenetaraino heldu zen. Horregatik, aurten kanporaketa horretan ekin dio lehiari. Orain aste bi 18-16 kanporatu zuen Garaio nafarra. Eguaztenean, ordea, ez zuen aukera txikienik izan, Ibarrondo gehiago izan zelako. Piloteoan agindu egin zuen, eta tantoa amaitzen abilago aritu zen. Sakez ere min handia egin zion iurretarrari. Urduritasunagatik-edo, Bereinkuak ez zuen bere mailarik eskaini.
Finalak erabakita
Cafes Baqué Pilota Txapelketako finalak Mañariko pilotalekuan jokatuko dituzte azaroaren 27an, 11:30etik aurrera, eta dagoeneko gazte zein kadete mailako protagonistak erabakita daude. Kadeteetan Ibarrondok Agirre nafarraren kontra jokatuko du. Agirrek 11-14 kanporatu zuen Gomez errioxarra Apatako neurketan. Gazteen mailan Elezkano zaratamoztarraren eta Sánchez gipuzkoarraren artean jokatuko dute txapela. Lehenengoak 22-6 menderatu zuen Larunbe galdakoztarra, eta bigarrenak 22-16 Artola gipuzkoarra.
Trinkete txapelketa
Bizkaiko Trinkete Txapelketan parte hartzen dabil Mikel Bereinkua, eta joan zen asteburuan 35-15 irabazi zion Lemoako Lejarretari. Atxarte pilota eskolako Agirre, Rico eta Badiolak eta Olaburuko Callejak eta Otauduyk ere irabazi egin zuten. Barikuan 18:00etan eta domekan 11:00etan hainbat partida jokatuko dute Tornosolon.