Beste lasterketa bat bertan behera geratu denez, domekan korrituko den Sorginen Lasterketa Munduko Kopako zirkuituan sartu dute.
Urtero goi mailako korrikalariak batzen badira, aurten puntakoetan puntakoenak batuko dira domekako Sorginen Lasterketan. Atxondoko mendi maratoi erdiak
Laugarren aldia egingo du aurten, eta Munduko Koparako puntuagarria izango da. Izan ere, Portugalen korritzekoa zen Carreira dos 3 Cántaros lasterketa bertan behar geratu da, eta korrikalari bat ere kaltetuta irten ez dadin —sailkapenerako puntu garrantzitsuak zeuden jokoan— Sorginen Lasterketa Munduko Kopako zirkuituan sartzea erabaki du nazioarteko Skyrunning federazioak.
Ibilbideak 25,6 kilometro ditu, eta desnibel positiboa 1.300 metrokoa da. Lasterketa domekan 09:30ean hasiko da, Axpeko San Juan plazan.
Urtero legez, arauzko ibilbideaz gainera, 15 kilometroko laburrago bat ere prestatu dute. Axpe, Pol-Pol, Zabalaundi eta Aramaioko bidegurutzetik aurrera, Topera jaitsiko dira korrikalariak; ibilbide laburra aukeratu dutenek hantxe izango dute helmuga. Ibilbide osoa egingo dutenak Betsaide, Pagaskorta eta San Roketik joango dira, Axpen helmugaratu aurretik.
Etzikoaren ondoren, lasterketa bakarra geratuko da Munduko Kopa amaitzeko: irailaren 18koa, Italiako Grigne herrian.
Kortazar lider
Une honetan, Euskal Selekzioko Oihana Kortazar lider dago, 388 puntugaz. 68 puntuko aldea ateratzen dio Sthepanie Jimenez frantziarrari. Kortazarrek hiru lasterketa irabazi ditu, Zegama-Aizkorrikoa tartean. Gizonetan Luis Alberto Hernando da lider. Mikhail Mamleev bigarrena da 66 puntura, eta Euskal Selekzioko Jabi Olaberria hirugarren, 116ra.