Trial txapelketa jokatuko da Atxondon, bigarrenez

Anboto 2011ko uzt. 20a, 09:04

Uztailaren 23an ospatuko da lehia, 15:00tik aurrera. Atxondo 4x4 taldeak antolatu du proba. EHko txapelketarako puntuagarria da

Uztailaren 23an ospatuko da lehia, 15:00tik aurrera. Atxondo 4x4 taldeak antolatu du proba. EHko txapelketarako puntuagarria da.

 

Iazko Trial txapelketak izan zuen harrera ikusita, egitasmoa errepikatzea erabaki du Atxondoko 4x4 taldeak. Uztailaren 23an, Atxondoko II. 4x4 Trial Txapelketa jokatuko dute; arratsaldeko 15:00etatik aurrera hasiko da motor hotsa.

 

Iazko moduan, Markoidako landetan izango da zirkuitua, eta bertan ezarriko dituzte pistak. “Sei edo zazpi pista prestatuko ditugu”, azaldu dute antolatzaileek. Pilotuek eurn trebezia erakutsi beharko dute ibilbide gorabeheratsuetan zehar.

 

Antolatzaileen berbetan, ikuskizuna ziurtaturik egongo da Markoidako landetan. Atxondokoa proba puntuagarria izango da Euskal Herriko Txapelketarako, eta horrek hainbat pilotu erakarriko ditu probara. Oraingoz, 15 pilotuk eman dute izena; hala ere, egunean bertan lehia gehiagoren artekoa izango dela aurreikusi dute Atxondo 4x4ko kideek. “Guztira, 25 pilotu inguruk parte hartuko dute”.

 

Durangaldeko pilotuez gainera, Euskal Herriko hainbat txokotatik datozen pilotuak ere egongo direla ziurtatu dute: “Aurten Burgosetik etorriko den pilotu bat ere badago hitz emanda”. Izena emateko aukera dago oraindik; horretarako 679 578 062 zenbakira deitu beharko da.

 

Motorraren festa borobiltzeko, barra ezarriko dute Markoidan bertan antolatzaileek. “Arratsalde osorako jaia izango da, eta giro polita egongo da”, diote arduradunek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!