Herriko musika talde gazte biren kontzertuak Atxondon

Anboto 2011ko uzt. 1a, 09:40

Sermond\'s elorriarrekin, Atxondoko jaietan joko dute herriko Kilaueak eta Sostendunek

Sermond’s elorriarrekin, Atxondoko jaietan joko dute herriko Kilaueak eta Sostendunek. 

 

Hawaiko sumendi baten izena hartu zuten duela urte bi taldea sortu zutenean: Kilauea. Ordura arte lotan egondako sumendia zelan berriro berpizten hasi zen entzun, eta metafora polita iruditu zitzaien. Gaur kontzertua eskainiko duten Atxondoko Gaztetxean eskaini zuen taldeak iaz lehenengo kontzertua, eta bertako bigarren solairua dute entsegu-leku.

 

Atxondo, Elorrio, Otxandio eta Lazkaoko 24 urte bueltako musikariak dira Kilauea taldekoak; aurretik Infernuko Panpinak taldean ibilitakoak dira kide bi.

 

Gogotsu daude ahalik eta kontzertu gehien eskaintzeko: prest  kontzertuetarako behar den guztia mugitzeko, jendeari euren musika helarazteko. Hamabi kanta dauzkate sortuta, eta horiexek eskaintzen dituzte kontzertuetan.
Aste honetan masterizatzera eraman duten diskorako, berriz, dozena horretatik zazpi kanta hautatu dituzte: ahotsak, gitarrak, eta abar landuen dauzkatenak. Jon taldekideak azaldu digunez, beranduen jota, hilabete barru itxaroten dute diskoa prest edukitzea.

 

Rock talde eskandinabiarren zaleak dira Kilaueakoak, eta igartzen da hori sortzen dituzten kantetan. Gaur, Atxondoko jaietan eurekin kontzertua eskainiko duten Sermond’s taldekoekin ere badute loturarik; Dirties ere aipatu digute influentzia moduan.

 

Ingelesez eta euskaraz kantatzen dute; Sinner edo Woman dira euren abestietako biren izenburuak. Euren musikagaz eta Miren Amurizaren berbekin osatu zuten, bestalde, Otxandioko Gaztetxearen urteurreneko kanta.
Gasteizen, Ordizian eta Bilbon dauzkate, oraingoz, uda honetarako kontzertuak lotuta.

 

Sostendunak: erromeria giroa herriko gaztetxean

Joan zen barikuan, Axpeko jaietan eskaini zuen Sostendunak Durangaldeko laukoteak lehenengo emanaldia. Gaur, Atxondoko SapPedro jaietako gGztetxeko emanaldia itxiko dute. Sanjoanetako emanaldi hartan jendea dantzan baino gehiago begira egon zela-eta,  Gaztetxeko gaurko hitzorduan ikuslegoak gerria gehiago mugitzea itxaroten dutela esan digute: ordu horietan jendeak gura izaten duena dantzan egitea dela-eta, jotak, abesti dantzagarriak, juergarako doinuak eskainiko dituzte Sostendunak taldekoek.
Alaitasuna eta jai-giroa zabaltzeko, bertsioak jotzen dituen taldea da Durangaldeko 17 eta 20 urte bitarteko gazteek osatzen duten Sostendunak. Ze Esatek!, Tapia eta Leturia edo Alaitz eta Maiderren bertsioak eskaintzen dituzte. Panderoa, trikitixa, gitarra eta bateria doinuak uztartzen dituzte taldean.
Arrazolako jaietan jotzeko ere deitu dietela kontatu digute, eta aurrerantzean euren kantak sortzeko asmoa daukatela.

 


“Amamaren sostenak” jantzita aterako dira euren bigarren kontzertura, gaur, Atxondon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!