Parte-hartze handia gaur ere Sorginen Lasterketan

Anboto 2010ko ira. 12a, 10:00

Aurtengo aldia irbazteko faborito nagusiak Jorge Hernado burgostarra eta Nerea Amilia aiarra dira.

Aurtengo aldia irbazteko faborito nagusiak Jorge Hernado burgostarra eta Nerea Amilia aiarra dira. Irabazleek 250 euro jasoko dituzte, gizonetan zein emakumeetan; bigarrenek 125 euro eta hirugarrenek 75 euro irabaziko dituzte. Aurten ere Atxondoko Sorginen Lasterketa arrakastatsua izango da parte-hartzeari dagokionez. Korrikalariak, besteak beste, Urkiolako Parke Naturalean zehar daramatzan lasterketak apurka nortasun propioa garatu du- eta askok agendan markaturik duten hitzordua da. 260 lagunek eman dute izena. 25 kilometroko lasterketa domekan 10:00etan hasiko da, Axpeko San Juan plazan. Pol-Pol eta Zabalaunditik gora, Aramaioko bidegurutzera helduko dira hamargarren kilometroan. Handik Arrazolako Topera jaitsiko dira. Ibilbide bietatik laburrena aukeratu dutenek (15 kilometrokoa) hortxe izango dute helmuga. Gainerakoak Betsaidera igo eta handik San Rokera joango dira, Axpen helmugaratu aurretik. Lasterketak 1.300 metroko desnibel positiboa du, eta azpimarratzeko moduko igoera bi ditu: lasterketa hasi eta segituan Axpetik Larranora igoko dira (260 metrotik 977 metrora, 4,5 kilometrotan); bigarren igoera gogorra Topetik Betsaiderakoa da: 255 metrotik 545 metrora, 2,5 kilometroan. Iaz Aitor Osak irabazi zuen Sorginen Lasterketa gizonetan, 1.58.16-ko denbora egin zuelarik. Emakumeetan, berriz, Maitane Txueka nagusitu zen (2.38.20).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!