Parte hartze zabala izango du Sorginen Lasterketak

Anboto 2010ko ira. 8a, 15:25

Oraingoz 260 lagunek eman dute izena domekan hirugarren aldia egingo duen Sorginen Lasterketarako. Beste behin Atxondoko Sorginen Lasterketa mendi maraoti erdia arrakastatsua izango da parte hartzeari dagokionez. Korrikalariak, besteak beste, Urkiolako Parke Naturaletik daramatzan lasterketak apurka nortasun propioa garatu du eta askok agendan markaturik izaten duten hitzordua da. Oraingoz, 260 lagunek izena eman dute www.calle-9.com webgunean eta oraindik irailaren 9ra arteko epea dago. Parte hartzailerik gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, baina badira Nafarroa, Araba, Kantabria, Madril eta Galiziatik etorriko direnak ere. Lehenengo aldian 160 eta bigarrenean 230 lagun apuntatu baziren, aurten 260 korrikalari egongo dira irteera puntuan. 25 kilometroko lasterketa domekan, 10:00etan, hasiko da Axpeko San Juan plazan. Pol-Pol eta Zabalaunditik gora, Aramaionako bidegurutzera helduko dira hamargarren kilometroan. Handik Arrazolako Topera jaitsiko dira. Ibilbide bietatik laburrena aukeratu dutenek (15 kilometrokoa) hortxe izango dute helmuga. Gainerakoak Betsaidera igo eta handik Pagaskortara eta San Rokera joango dira, Axpen helmugaratu aurretik. Bi aldapa gogor Lasterketak 1.300 metroko desnibel positiboa du eta azpimarratzeko moduko igoera bi ditu. Lasterketa hasi eta segituan Axpetik Larranora igoko dira korrikalariak (260 metrotik 977 metrora, 4,5 kilometrotan). Bigarren igoera gogorra Topetik Betsaiderakoa da: 255 metrotik 545 metroko altuerara, 2,5 kilometroan. Irabazleek 250 euro jasoko dituzte gizonetan zein emakumeetan. Bigarrenek 125 euro eta hirugarrenek 75 euro irabaziko dituzte. Beste bost sari banatuko dituzte 40 urtetik gorakoen hainbat mailatan eta lehenengo atxondarrak ere garaikurra jasoko du. Aurten, gizonetan, Jorge Hernando burgostarra da lasterketa irabazteko faborito, Oraintsu Lezamako lasterketan bigarren geratu da. Emakumeetan Nerea Amilibia da faboritio. Amilibiak du hain zuzen emakumeen errekorra Sorginen Lasterketako lehenengo alditik. Sorginen Lasterketak ez du adin mugarik. Aurtengo aldian, esaterako, Deustoko Florencio Martinek parte hartu du 79 urtegaz. Emakumeetan Bilboko Begoña Crespo ere saiatuko da 61 urtegaz. Iaz Aitor Osak irabazi zuen lasterketa gizonetan 1.58.16-ko denboragaz. Walter Becerrak (2.03.20) eta Felicisimo Solanak (2.08.20) osatu zuten podiuma. Emakumeetan Maitane Txueka nagusitu zen (2.38.20), Loli Benitez eta Maribel Santamariaren aurretik. [img]http://www.anboto.org/images/8000/8081/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!