Egoitz Garcia denboraldi bikaina egiten ari da

Anboto 2008ko mai. 1a, 10:43

Hiru garaipen eskuratu berri ditu Atxondoko txirrindulariak azken egunotan. Seguros Bilbaon korritzen duen mutilak, Nojan, Palentzian eta Santibañezen besoak altxatu ahal izan ditu azken aste honetan.

Egoitz Garcia espainiako gazteen selekziorako deitua ere izan zen eta Flandeseko Tourrean parte hartu zuen selekzioko onena zela erakutsiz. Flandeseko bideetan barna bere kalitatea eta maila altua erakutsi zituen eta beste herrialdeetako txirrindulariak ezagutzeko eta haietaz ikasteko beta ere izan zuen atxondokoak. Guztira 170 kilometro egun zituzten, gazteen mailarako gehiegiitxo diren arren. Hala ere, esperientzia baliogarritzat hartu du Egoitzek Europa mailan korritzeko eman dioten aukera.  
Kontuak kontu, urtea ez zuen  ondo hasi gazteak. Mountain bike-tik erori zen eta aurredenboraldia atzeratu egin behar izan zuen. Dena dela, nahiko azkar bueltatu ahal izan zen bideetara. Joan den urteko denboraldia ere, ezin izan zuen nahi bezala amaitu lesioak zirela eta.
Hala ere orain sasoi betean dago Atxondoko mutila. Seguros Bilbaoren taldean dago eta prestakuntza espezifikoa lantzen dute gehiago. Entrenamendu desberdinak egiten hasi dira baina  orain arte behintzat lan bikaina egiten ari direla bistan da.
Uda partean ere, lasterketa ugari korritu beharko ditu Egoitz Garciak. 23 urtez azpikoekin egingo duen azken denboraldia da eta profesionaletarako saltoa egiteko irrikitan dago.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!