Selekzioak hirugarren postua lortu zuen dominen sailkapen orokorrean, Espainiaren eta Argentinaren atzetik. Guztira, 12 izan dira lortutako dominak; urrezko lau, zilarrezko zazpi eta brontzezko bat. Kontuan izan behar da, adibidez, euskal selekzioko trinketeko jokamoldeak berandu iritsi zirela sailkatze prozesura eta ez zutela munduko txapelketa honetara iristeko aukerarik izan sailkatzeko punturik lortu ezin izan zutelako.
Baina, hemendik eta lau urtera, gure selekzioa bertatik bertara mundialean ikusteko aukera izango dugu, Bilbon eta Gernikan jokatuko baita 2030eko munduko euskal pilota txapelketa. Orain balantzea egiteko ordua da eta akatsak zeintzuk izan diren (beti dago zer hobetu beharra) hausnartzeko momentua den arren, burua lau urtera begira izan behar dugu denok. Lau urte barru, gure kirolaren bitartez eta gure lurraldetik bertatik, nortzuk garen erakusteko aukera izango dugu, beti kiroltasunez eta zintzotasuna ardatz. Hau izan baita, aurtengo munduko txapelketan gehien aipatu dena gure selekzioari buruz, bere kiroltasuna. Inoren kontra joan beharrik ez baitago, kirol emaitzez aparte itxura ona emateko.
Esan bezala, lau urteko ibilbidea geratzen da orain. Fruituak jasotzeko, aurrez lan gogorra egitea besterik ez zaigu geratzen, eta sektore guztietatik egin beharko dugu bultza, euskal selekzioa denona baita. Beraz segi dezala bideak, hau hasi besterik ez da egin eta.