Zerk bultzatu zintuzten ANBOTOn pubizitatea ipintzera?
Gorka Iturriaga: Denda txiki batetik gentozen, familia negozio batetik: Iturriaga Sukaldeak. Bada, formatu aldaketa egiterakoan, nondik gentozen eta emandako pausoa azaltzeko, ANBOTO astekaria bitartekorik egokiena iruditu zitzaigun. Bezeroak erakartzea zen gure helburua, eta ANBOTO aukeratu genuen, eskualdean kaleratzen delako eta euskaraz delako.
Miren Eguen: ANBOTOgaz lan egitea oso erraza izan da beti. Ipini gura dugun publizitatea gure beharrizan eta gustuetara egokitzen duzue, eta euskaraz gainera. Eta bide batez, gure helburua lortzen dugu: gure jarduna 12.000 etxetan ezagutarazten dugu. Hori oso garrantzitsua da guretzat.
Beste komunikabide batzuekin alderatuta, zer ematen dizue ANBOTOk?
G.I.: Badaude beste komunikabide batzuk, beste formatu bat dutena. Baina ANBOTO da gurera ondoen egokitzen dena, eta komunikatzeko euskara erabiltzen duena, gure hizkuntza.
M.E.: Betidanik ezagutu dugu ANBOTO, etxekoa dugu. Euskaraz kaleratzen da eta gertuko informazioa lantzen du. Gainera, ANBOTOk baditu betiko bazkideak, proiektuan konfiantza dutenak. Bada, bertan publizitatea ipinita guk ere bezeroari konfiantza hori ematen diogula uste dut: "Zuengana nator ANBOTOn ikusi zaituztedalako, konfiantza gehiago ematen didazuelako". Hori da proiektuak duen balio erantsia. ANBOTOn publizitatea ipinita, bezeroari gertutasuna ematen diogu.
G.I.: Seguru nago etxean sukaldea ipini diogun bezero asko ANBOTOren irakurle direla.
M.E.: Bezeroei galdetzen diegu ea zergaitik etorri diren gugana, eta hainbatek esan digute: ANBOTOn ikusi zaituztedalako.
ANBOTOren komunitateko kide legez, zelan ikusten duzue egindako bidea? Durangaldean garrantzitsuak dira horrelako proiektuak?
M.E.: Urte hauetan guztietan gizartean izandako aldaketekin batera egokitzen joan da ANBOTO ere (Internet, sare sozialak..), ezinbestean. Denok egin behar izan dugu bide hori. Eta ANBOTO lako proiektuak garrantzitsuak ez ezik beharrezkoak ere badira. Etxeko gauzak jakin behar ditugu. Horixe da niretzat ANBOTO. Inguruan gertatzen denari buruz informatzen naiz. Inguruko pertsonak agertzen dira bertan; dela sari bat jaso duelako edo liburu bat idatzi duelako. Nazio mailako beste hedabide handietan askotan lekurik ez duten gertuko pertsona horiek bere lekua dute ANBOTOn.
G.I.: ANBOTOk gure inguruko herrietako eta auzo txikietako notiziak jasotzen ditu; beti norabide berean, gertutasuna eta euskara ardatz hartuta. Gustura irakurtzen dugu astekaria; aukera badugu, paperean.
Zuen egunerokoan eta bezeroekiko hartu-emanean, zer balio du zerbitzua euskaraz eskaintzeak?
G.I.: Oso garrantzitsua da guretzat, kontrataziotik hasita. Zerbitzua euskaraz eskaini ahal izatea garrantzitsua da guretzat.
M.E.: Egia esanda, lehenengo urteetan gure proiektura batu zen jendea ez zen euskalduna, eta horrek eragina izan zuen gugan. Baina gerora zenbait aldaketa egon da eta taldera batutako langile berriak euskaraz modaltzen dira, lantalde osoa euskalduna ez den arren. Gure bezeroen %80 inguru euskaldunak dira, eta hartu-emana euskaraz izan ahal izateak konfiantza ematen du. Lana ondo egitea errazten du.
Tokiko hedabide bat ezingo litzateke bizirik egon merkatarien babesik barik. Baina, aldi berean, dendariok erakusleiho bat behar duzue. Tokiko komertzio eta hedabideen arteko hartu-emana garrantzitsua dela uste duzue?
M.E.: Bai, jakina. Inbertsio on bat dela esango nuke. ANBOTOren proiektuak aurrera jarraitu dezan laguntzen dugu publizitatea ipinita. Aldi berean, guk komertzio legez irabazi bat lortzen dugu, bezeroak erakartzen ditugu. Hartu-eman hori beharrezkoa da.
G.I.: Oso hartu-eman aberasgarria da, bai. Beharrezko ikusten dugu ANBOTOren parte izatea.
ANBOTOk 25 urte egin ditu. Zein mezu helarazi gura zeniekete proiektua sostengatzen duten irakurle eta babesleei?
G.I.: Denok apur bat eraginda indar handia egin genezake ANBOTO lako proiektu bat bizirik mantendu dadin. ANBOTOk eskaintzen duen gertutasuna oso garrantzitsua da, eta erakusleiho inportantea.
M.E.: Hala da. Eta egiten duzuen lanagaitik zorionak emateko aprobetxatu gura nuke, eta aurrera egin dezazuen animatu, proiektuak aurrera jarraitu dezan. Guk hor gura zaituztegu. Durangaldean etxekoa dugu jada ANBOTO, sukaldean eta etxeko gainerako lekuetan bere lekutxoa egin duena.