Anboto KB, zero kilometroa

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar

"Nortasun handiko hatx tantai tentea, Atxondoko zeruari eusten". Hala deskribatu zuen Jesus Eguzkitza ‘Eguzki’-k Anboto mendia Arrazolako ikusaldetik (Astola aldizkariaren 13. alean, 2019koan). "Nire bizi-poz eta ames-iturri", gaineratu zuen. Eta beste askorena ere esango nuke; tartean, neurea. Anboto horixe delako niretzat, bizipoza, nortasun handikoa, itzela, berezia, ederra, magikoa. Anboto, berba baten esanda. Mendi ikusgarria txakurrekin goizean goiz mendi buelta egiteko zein tontorretik eguna zabaltzen ikusteko, familiagaz mendiaren altzoan ibiltzeko, edo lasterketan arnasestua lagun hartuta ahalik eta arinen igotzeko. Anboto Kilometro Bertikalean, jakina (Anboto KB).

Ez dakit zenbat bider igotzen dudan urtero Anboto, zenbat bider arnasten dudan hango bakea gainerako mendi eta parajeei begira, zenbat bider egiten diodan bisita bertako aizkorari. Gutxienez behin, hori seguru, nekez galduko dut-eta aukera arrazolarrek hain maitekiro eta hain modu xumean antolatzen duten kilometro bertikalean parte hartzeko.

Probak 3,8 kilometro ditu, eta kilometro pasatxoko desnibel positiboa. Beraz, laburra da, baina urtero-urtero tontorreraino ailegatzea gehiago kostatzen bazait ere, geroago eta laburragoa egiten zait, Anboto KB zero kilometrokoa delako beti niretzat. Aurten ere bai.

Proba hasi aurretik Erlaunpe elkartean kafea atera zigun lagun tabernariagaz izan genuen berriketalditik hasita. Zero kilometroko berriketaldia, berriketaldi naturala, atsegina, oinak lurrean dituztenen artekoa (ez beti), euskera jatorrean, hogei bat minutuz lasterketaren zurrunbilotik atera eta etxean legez sentiarazi ninduena. Kilometro bertikalean parte hartu behar nuela ere ahaztu zitzaidan ia-ia. Soziedadetik irten eta tabernariaren arreba biak dortsalak banatzen ikusi nituenean bueltatu nintzen kilometro bertikalera.

Zero kilometrokoak eta berta-bertakoak baita ere proba amaitu eta gero Arrazolako frontoian jan nuen oilaskoa (Luma Gorri) eta ogia (Panarra). Biak ederrak.

Eta zero kilometrokoak baita ere urtero sari banaketan esatari lanak fin-fin egiten dituen lagunaren berba eta perlak, bailarako euskera ederrean esandakoak den-denak, ezelango konplejurik barik.

Biharamunean Sorginen Lasterketan ere lekuko isil izan zen Anboto, eta Anboto astekariak emandako streamingean Ander Gerrikaetxebarria korrikalari zornotzarrak esandakoa gogoratu gura nuke, Anboto munduko mendirik ederrena dela eta inon ere ez dugula halakorik topatuko. Ez du arrazoirik falta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!