Legegintzaldi honetan HAPOa behin betiko onartzea du helburu Abadiñoko Udalak

M.Z. 2026ko uztailaren 9a

Gaur goizean prentsaurrekoa eman dute udal gobernu taldeko kideek. Bertan izan dira Mikel Urrutia alkatea, Edurne Maguregi alkateordea eta Naiara Bildosola bigarren alkateordea. 

Abadiñoko Udalak legegintzaldiko hiru urteen balantzea egin du gaur goizean. Udaleko kideek azaldu dutenez, udalaren antolamendua indartzea, administrazioa herritarrengana hurbiltzea eta proiektu estrategikoak martxan jartzea izan da helburua, udalerriko erronka nagusienetako batzuei erantzun ahal izateko, hala nola etxebizitzaren arazoari hirigintza garapenari, mugikortasunari edo zerbitzuen hobekuntzari.

Bertan jakitera eman dutenez, Legegintzaldiko Agendan jasotako 174 konpromisoen %64,4 bete dituzte edo ia bukatzear dituzte, %22,4 bideratuta dituzte eta %13,2 hasteko zain daude. Horiez gainera, hasiera batean Legegintzaldiko Agendan aurreikusita ez zeuden beste 41 jarduera ere garatu dituztela esan dute. 

Bestalde, aurrerapen nabarmenetakoa udalaren kudeaketa berrantolatzea izan dela adierazi dute. "Hiru urte hauetan, bost langile berri sartu ditugu plantillan, aldizkako jarraipena duen arlokako plangintza sistema bat ezarri da, eta hainbat mekanismo adostu dira langileen ordezkariekin, antolakuntzari malgutasun handiagoa emateko eta udal langileen lan baldintzak hobetzeko. Hobekuntza horiei esker, udalaren jarduera handitu egin da", esan du Mikel Urrutia alkateak. 

Horrez gain, eta beste hainbat gauzen artean, herritarren parte hartzeak ere protagonismo handia izan duela esan dute. "Bide horretan, Abadiñoko historiako lehen herri galdeketa egitea izan da legegintzaldiko mugarri nagusietako bat", gaineratu dute. 

Aurrera begira, eskuartean erronka garrantzitsuak dituztela eta hauek lantzen ari direla zehaztu dute. Horien artean dituzte Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren tramitazioa, adinekoentzako egoitza, Eguneko Arreta Zentroa eta Atxarteko harrobiak berreskuratzea, besteak beste. "HAPOa esaterako legegintzaldi honetan behin betiko onartzea gustatuko litzaiguke. Gaur egungo arau subsidiarioak 1989koak dira, egungo errealitatetik oso urruti daude horiek", gehitu du Urrutiak. 

Bukatzeko, herri atseginago, irisgarriago eta seguruagoa lortzeko lanean jarraituko dutela esan dute. "Abadiño irisgarriagoa, biziagoa, euskaldunagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean, oraindik urtebete dugu erronka handiei erantzuteko, eta hasierako ilusio eta indar berberarekin lanean jarraituko dugu, herritar guztiak entzunez eta haiekin batera herria eginez", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!