Datorren ekainaren 5ean, Traña-Matienako herri eskolak 100 urte beteko ditu ateak lehen aldiz ireki zituenetik. Hori dela eta, eskola komunitateak eta Ikasleen Gurasoen Elkarteak efemeridea ospatzeko ekitaldi sorta prestatu dute.
Egun seinalatua ekainaren 5a izango da, ostirala, eta ekitaldi kultural eta instituzionala egingo da arratsaldeko 17:00etan, eskolako jolastokian. Antolatzaileek iragarri dutenez, harrera ekitaldi indartsua izango da, herriaren aniztasuna eta kultur aberastasuna erakutsiko dituena, eta, jakina, 100 urteko ibilbidearen omenaldia egiteko erabiliko dena. “Guretzat, urteurren ospakizun hau ez da ekitaldi soil bat izango, gure herriaren bizitza, bilakaera soziokulturala eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako komunitate-loturak islatzen dituen ikuskizun handi bat baino”, esan dute jai antolakuntzan dabiltzanek.
Traña-Matienako herri eskolako komunitateak Auzo baten oihua aukeratu du mendeurreneko lema lez. “Izan ere, Traña-Matienak beti izan ditu auzo-nortasuna eta izaera propioa, eta hein handi batean, eskolari zor zaio hori. 100 urte hauetan eskola izan delako auzoaren taupada”, esan dute IGEko kideek.
Hori horrela, eta beste hainbat ekimenen artean, ekainaren 5eko ekitaldian, mendeurrenerako propio sortutako abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte. Kantua Baske Street Boys taldeak egin du (lau taldekidetik hiru ikale ohiak dira).
Bestalde, eskola komunitateak iragarri du data seinalatua eta 100. urteko efemeridea ekainaren 5a den arren, "egun horretan ez dela ezer amaituko, baizik eta hasi". Egun horretan, hasiera ofiziala emango diote mendeurreneko ospakizunari, eta hortik aurrera, 2026-2027 ikasturte osoan zehar, askotariko ekintza kulturalak antolatuko dituzte Abadiño osoan, 100. urteurrenaren omenez. Azkenik, mende beteko ibilbide horri merezi duen amaiera emateko, jai erraldoia egingo dute, 2027ko ekainean izango da hau.