Gestampek 280 lanpostu murriztuko ditu hurrengo bost urteetan

Jone Guenetxea 2026ko martxoaren 13a

El Correo egunkariak kaleratu du albistea. Hedabide horren arabera, hurrengo bost urteetan Abadiñoko enpresak erdira jaitsiko du lantaldea, lan kargaren jaitsiera dela eta.

Albiste kezkarria dator Durangaldeko automozioaren sektoretik. El Correo egunkariak gaurko azalean jakitera eman duenez, Abadiñoko Gestamp enpresak 280 lanpostu murrizteko asmoa du hurrengo bost urteetan. Hedabide horren arabera, "Mercedesen furgoneta berriaren piezak Abadiñoko enpresari ez esleitzeak lan karga murriztuko du eta zuzendaritzak borondatezko irteerak planteatu ditu". Une honetan Abadiñoko enpresan 700 beharginek dihardute lanean.

ANBOTO hartu-emanean jarri da Gestampeko enpresa komiteagaz, eta "momentuz" gaiaren inguruan adierazpenik ez egitea erabaki dute. Ondorengo ordezkaritza sindikala dute: LABek 14 ordezkari, UGTk 4 eta CGTk 3. 

El Correok azaldu duenez, LABek eta UGTk enpresaren proposamena "ontzat" emango lukete. Hedabide horrek dioenez, "borondatezko bajak planteatzen ditu enpresak, bidegabeko kaleratze legez kalte-ordaina jasota 30.000 euroko gehigarri batekin, 80.000 eurora arte".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!